Udalak elkartasuna adierazi die Valentziako eta Gaztela Mantxako erkidegoei, denboraleak eragindako sarraskiak direla eta
Valentzian lagundu beharko zutelakoan, Donostiako parkeko suhiltzaile mordoa aurkeztu da boluntario. Azkenean, baina, ez dira lekualdatuko, Valentziak ez baitu hainbeste suhiltzaile koordinatzeko baliabiderik.
Valentziako eta Gaztela Martxako erkidegoetan uholdeek eragindako hondamendia dela eta, Donostiako Udalak bere “dolumin beroena” helarazi die aipaturiko erkidegoei, Valentziako, Castellongo, Alacanteko eta Albaceteko herritarrek azken orduetan bizi izan duten egoeragatik. Izan ere, denboraleak bortizki jo du, eta hainbat kalte pertsonal eta material eragin ditu. Hain zuzen ere, gutxienez 64 pertsona hil dira, eta hainbat desagertuta daude.
Era berean, Donostiako Udalak babesa adierazi die “egoerak eragindako hildako eta desagertutako pertsonak dituzten familia guztiei, euren etxebizitzatan, saltokitan eta enpresatan kalteak jasan dituztenei, eta eguneroko bizitza kaltetua ikusi duten udalerri guztiei”.
Halaber, kaltetutako udalerri guztiei laguntza eta elkarlana adierazi die, “ahal den neurrian euren kale eta azpiegituretako kalteak konpontzen laguntzeko”. Horrela, Donostiako suhiltzaileen parkeko hainbat suhiltzaile boluntario Valentziara bidaltzea aurreikusten dute, eta baliteke gaur arratsaldean ateratzea.