AmaHiru konpainiak irabazi du Poltsiko Antzerki Sorkuntza programa
Eneritz Sanchez, Iñaki Cid eta Iñigo Elosegi donostiarrek eskuratu dute lehen saria. Poltsiko antzerkiaren jaialdian estreinatuko dute.
Euskarazko formatu txikiko antzerki sorkuntza eta ekoizpena bultzatzeko Poltsiko Antzerki Sorkuntza programak baditu dagoeneko irabazleak. Jasotako proiektuen artean, epaimahaiak lehen saria eman dio AmaHiru taldearen Igogailu batean amaitu zen mundua antzezlanari; bigarren saria, aldiz, Baionako Itzuli taldearen Adriene Bergson-Johnson edo Euskal kulturak iraultza behar du! antzezlanak eraman du. Proiektu irabazleak 2.500 euroko saria jasoko du eta finalistak, berriz, 2.000 eurokoa. Saritutako lanak hurrengo Poltsiko Antzerki Jaialdiaren barruan estreinatzeko eta antzezteko konpromisoa dute.
Igogailu batean amaitu zen mundua
Donostiako AmaHiru konpainiak aurkeztutako komedia izan da aurtengo irabazlea. Iñaki Cid, antzerkigile eta aktorearen gidaritzapean, Eneritz Sanchez eta Iñigo Elosegi batu dira proiektu honen lantaldera aktore lanetan.”Gorroto duzun bizitza aldatzeari buruzko komedia klaustrofobikoa”. Hala definitu dute beraien antzezlana: “Mundua bukatu egin da eta igogailu batean harrapatu zaitu zaborra jaistera zindoazenean”.
Komediaren bitartez, egoerak hausnarketa sakonetara eramango ditu bai protagonistak eta baita ikus entzuleak ere.”Zergatik ez gara ausartzen benetan nahi dugun hori izatera, mugitzen gaituen hori egitera, daukagun guztia arriskatu eta benetan betetzen gaituen bizitza izatera? Beldurra diogulako gu garena izateari. Baina mundu hori amaitzen bada?”.