Ekialdeko herritarren proposamen ugari HAPOaren parte hartze prozesuan
HAPO berriaren ekialdeko parte hartze prozesuko bigarren bilera egin zuten asteartean, eta herritar ugarik mesfidati jarraitzen badute ere, prozesuan inplikatu eta proposamen andana egin zituzten. Besteak beste, Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuartela auzoarentzat berreskuratzea.
Hiri antolamenduko plan orokorraren (HAPO) berrikuspenean murgilduta dago udala, eta duela aste batzuk abiatu zuen parte hartze prozesua, auzoka, planaren aurrerakinean oinarrituta. Ekialdean —Altza, Intxaurrondo eta Bidebieta—, urriaren hasieran egin zuten aurkezpen bilera, Tomasene Kultur Etxean, eta astearte honetan bigarren bilera, Intxaurrondo Kultur Etxean. Hirugarren bat egongo da ekialdean, azaroaren 7an, eta Internet bidez ere egin daitezke ekarpenak.
Herritarrak hainbat mahaitan banatu zituzten, gai jakin batzuetan sakontzeko, eztabaidatzeko eta proposamenak egiteko, parte hartze prozesua diseinatu duten RAZ eta Osoigo enpresetako kideek gidatuta. Ekialdeko Barrutian ohikoa izaten den moduan, jendetsua izan zen bilkura, hiru auzoetako ordezkari hainbatekin eta inplikazio handiarekin.
Lehenengo bileran auzotar ugarik HAPO berriarekin eta parte hartze prozesuarekin berarekin agertu zuten mesfidantza eta haserrea presente egon ziren bigarren bileran ere, baina, horrela ere, proposamen ugari egin zituzten, auzo bizigarriagoak eraiki nahi dituztela erakutsiz. Guztiaren gainetik, ideia bat: ez zen inor ados agertu ekialdean eraikitzearekin hiri osoan aurreikusten diren etxebizitza berrien erdia inguru (5.300). Are gutxiago, Auditz Akular berdegunean 3.000 etxebizitza eraikitzearekin.
Ikuspegi orokorra
Mahaietako batean, aurrerakinaren inguruko hausnarketa estrategikoa egiten aritu ziren. Aurrerakinak auzo bizigarrien alde egiten ez duela iritzita, hainbat ideia nagusi atera ziren mahai horretatik, kontrako norabidean joango den HAPO bat idazteko: “Planaren diagnostikoak berak dio Altza zaurgarritasun egoera handian dagoela eta Intxaurrondo eta Bidebieta zaurgarritasun egoeran. Beraz, planak hortik heldu beharko lioke hiriari”, esan zuen mahaiko bozeramaileak.
Ildo beretik, zera gaineratu zuen: “Dagoen hiria konpondu behar du planak, eta ez espazio berriak okupatu. Aurrerakineko ekialderako planteamenduek desoreketan eta klase desberdinetako herritarren logikan sakontzen du; hau da, Altzan hirugarren mailako herritarrak izatea tokatzen zaigula”.
“Loiolako kuartelak berreskuratuko diren moduan, zergatik ez dugu Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuartela berreskuratzen?”
Hain zuzen ere, “dagoen hiriaz” hitz egiten aritu zen beste mahai bat: “Plan berriak jaso behar ditu eraberritze eta birgaitze planak. Bereziki, Altzan, eraikita dagoenaren zati handi bat zaharkituta dagoelako eta behar handiak dituelako. Larratxon, adibidez, 600 pertsona bizi dira kale zulo batean; hori ezin da errepikatu, baina, aldiz, ez da alternatibarik planteatzen”.
Era berean, ondarean ere jarri zuen fokua mahai horrek: “Altzan, ondarea desagerrarazteko bokazioa dago udalaren partetik. Guk exijitzen dugu auzoko ondarea zaintzea”.
Espazioak berreskuratu, eta beste
Eremu edo proiektu zehatzen inguruko proposamenak ere hizpidera ekarri zituzten herritarrek, hala nola, etxebizitzak eraikitzeko, ekipamenduak jartzeko eta espazio librea sortzeko alternatiba gisa, zera planteatu zuen mahai batek baino gehiagok: “Loiolako kuartelak berreskuratuko diren moduan, zergatik ez dugu Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuartela berreskuratzen? Hor espazio asko dago”. 35.000 metro koadroko eremu bat da, herri honen historia beltzenetakoari hertsiki lotutakoa; auzoak eta hiri osoak ez al lukete irabaziko eremu hori berreskuratuta?
Etxebizitzaren harira, Auditz Akularrekoa da aurrerakinak planteatzen duen garapenik handiena eta mahai gainean jartzen dituen hirigintza irizpideen “salbuespen” bakarra, urbanizatu gabeko espazioan eraikitzea planteatzen duelako. Hainbat mahaitan atera bazen ere, zehazki horren inguruko mahai bat egon zen. Alde batetik, aurrerakinak planteatzen duen simulazioaren gabeziak agerian utzi zituzten: “Ustez, 2010eko planteamenduarekin alderatuta, lur mugimendu gutxiago eragingo lituzke honek, baina ikusi beharko litzateke. Gainera, irteerarik gabeko hiru kale moduko planteatzen ditu, mugikortasun aldetik zentzurik ez dutenak”. “30 urtean egin ez dituzten etxebizitza babestu guztiak hor egin nahi dituzte orain”, gaineratu zuten. Era berean, berdegune handi horretan parke erabilgarri bat egiteko proposamena plazaratu zuten, baita etxebizitzak beste leku batzuetan egiteko ere: Antiguako seminarioan, Intxaurrondoko kuartelean, eta abar.
Altzarekin jarraituz, Herrerako Txingurri eta Txingurrigaina eremuen zatiketa kritikatu zuten hainbat herritarrek, baita eremu horrek Larratxo eta Herrera ganoraz lotzeko espazio bat izan behar duela proposatu ere. Ildo beretik, Zardoya-Otis eremuko 400dik gora etxebizitzen proiektu polemikoak, dirudienez, aurrera jarraitzen duela ikusita, eremua Zardoya-Otis, Txingurri eta Oleta ganoraz lotzeko baliatzeko proposatu zuten. Era berean, Oletako berdegune izaera “eraikiz indartzea” zentzugabekeria dela salatu zuten, eta Oletako zein Merkaderreko espazio libreak sustatzearen alde agertu ziren.
Mugikortasun aldetik ere zenbait proposamen egin zituzten herritarrek: mugikortasun bertikala sustatzea Altzan eta Intxaurrondon bereziki, Intxaurrondo osoa lotuko duen Intxaurbusa sortzea, iluminazioa hobetzea Txaparreneren moduko zonetan, etxeak birgaitzea, Intxaurrondoko anbulatorioa behingoz berritzea, Sorleku parkea jartzea eta aparkalekuak beste zona batzuetan jartzea —Auditz Akularreko zonaren bat edo Guardia Zibilaren kuartela horretarako erabiltzea aipatu zuten—.
Bidebieta existitzen da
Mahai bat espresuki Bidebieta auzoaz aritu zen: “Erraza jarri digute, aurrerakinak ez duelako deus planteatzen Bidebietarako. Beraz, gure proposamenak egiten aritu gara”, adierazi zuen bozeramaileak. Izan ere, egia da, aurrerakinak ez du garapen bat bera ere planteatzen auzo horretarako.
Horrela, proposamen ugari egin zituzten: Salvador Allende parkearen bigarren fasea garatu eta horrela berdegune hori bikoiztea; behingoz kultur etxe bat jartzea auzoan; Mercadona berriak sortuko duen zirkulazioari aurre egiteko eta Serapio Mujika kalea saihesbidearekin lotzea, besteak beste.
Era berean, elkartasun ariketa esanguratsua egin zuten bidebietarrek: “Aberrazioa da Altzan planteatzen dena [Auditz Akularri erreferentzia eginez]. Bidebietan, jabetza publikokoak diren bi eremu ditugu, erabilerarik gabe daudenak, eta etxebizitzaren beharrari erantzuna eman ahal diotenak, etxebizitza babestuak eraikiz: “Ikastetxe horia deitzen dioguna, urteak hutsik daramatzana eta Serapio Mujikako 23. zenbakiko eremua, frontoiaren atzekoa”.
Azken apunteak
Tomasenen ez omen zegoen “baliabiderik”, baina Intxaurrondon, auzotarrek askotan eta askotan eskatu ostean, aldibereko itzulpen zerbitzua jarri zuen udalak. Beharrezkoa da zerbitzu hori, ekialdeko errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuta, denek ulertzeko, bilerak gazteleraz egiten amaitzen direlako beti, euskaldunen hizkuntz eskubideak urratuz. Ustez, hori izan zen bilera lekuz aldatzeko arrazoia; hori bai, azken orduan jakinarazia.
Lehenengo bileran herritarren kritika ugari jaso eta isilik eta bizkarrez egon ostean, zinegotzi bat bera ere ez zen bertaratu bigarren bilerara, ez Nekane Arzallus Hirigintza zinegotzia eta ez Mariaje Idoeta Partaidetzako zinegotzia. “Zer partaidetza planteatzen du udalak, erabakiak hartzeko gaitasuna dutenak ez badaude hemen? Partaidetza dagoen moduan dago, badakigu, baina behintzat entzutera etorri beharko lirateke. Zer adar jotze klase da hau?”, salatu zuen herritar batek.
Partaidetza, ondo erabiliz gero, aberasgarria da, jendearen inplikazioa lortzen baitu; parte hartze prozesuak kaxoietan sartzeak, aldiz, desafekzioa sortzen du
“Nahi dutena egingo dute azkenean, parte hartzea handia izaten ari bada ere”, gaineratu zuen beste herritar batek, mesfidati; hala ere, auzotarrak inplikatzera deitu zituen: “Hemen, Martutene izan ezik, Altzako herria zeneko auzo guztietako ordezkariak gaude. Hau aprobetxatu behar dugu batzeko; mobilizazioaren indarra ez badugu erabiltzen, ez dugu ezer lortuko”.
Partaidetza, ondo erabiliz gero, aberasgarria da, jendearen inplikazioa lortzen baitu; parte hartze prozesuak kaxoietan sartzeak, aldiz, desafekzioa sortzen du. Udalak, behintzat itzulpen zerbitzuaren kontuan, entzun ditu ekialdeko herritarrak; gauza bera egiteko aukera dauka behin betiko planaren erredakzioan. Proposamenak ez dira gutxi, eta gehiago izango dira, ziur; plana aldatzeko eta egokitzeko aukera zabalik dago oraindik, auzo eta hiri bizigarriagoak eraikitzeko.