Ez ditugu inoiz sinetsi
EL LLANTO
Zuzendaria: Pedro Martin-Calero · Urtea: 2024 · Herrialdea: Espainia-Argentina-Frantzia
Donostia Zinemaldiaren gisako jaialdi orokor batean zaila izaten da generoko filmak aurkitzea, batez ere, Sail Ofizialean. Eta are, opera prima-k badira. Iragan iraileko 72. edizioan, Pedro Martin-Caleroren lehen lan luzea Urrezko Maskorraren hautagaia izan zen, eta lehiaketan oihartzun handirik gabe igaro bazen ere, epaimahaiak zuzendari onena izendatu zuen zinemagile espainiarra —ex aequo, Laura Carrera (On Falling) portugaldarrarekin batera—.
Zur eta lur uzteko moduko proposamena ondu du Martin-Calerok El Llanto-n. Beldurrezko filmen kodeak maneiatuz, ikus-entzuleon pertzepzioarekin jolastu du, zoragarri. Andrea (Ester Exposito), Camila (Malena Villa) eta Marieren (Mathilde Ollivier) istorioak dakarzkigu, kapitulu edo atal banatan garatutakoak, baina lotura argumental zein politikoa dutena: gizon misteriotsu bat segika dutelakoan, beldurrak jota eromenak hartuko ditu, baina inork ez die sinetsiko.
Eraikin erraldoi bat —2001: A Space Odyssey (Stanley Kubrick, 1968) zientzia fikziozko klasikoa ardazten duen monolito arrotz hura (eta haren funtzio existentziala) gogorarazten diguna—, negar bat, presentzia ikusezin bat, eta berau salatuko duten kamerak. Hiru istorioak konektatuko dituzten elementuak dira, Martin-Caleroren tesia gorpuzteko baliabideak. Bada, tentsioa sortu eta mantentzeko narratiba bikainari esker, eta detaile formal inteligenteez babestuta, zinemagile espainiarrak gizartearen gaitz kronikoetan sakondu du, indarkeria sistematikoarenean, zehazki. Belaunaldiz belaunaldi, herrialdez herrialde errepikatzen doan praktikari pesimismoz heldu dio, terrore psikologikoa pertsonaia nagusiengan txertatuz.
Era berean, Michelangelo Antonionik Blow Up (1966) filmean orduko gizarteari eta irudien existentzia eta irakurketei buruz planteatutako hausnarketa gaurkotua ere atzeman dezakegu El Llanto-n. Italiarraren laneko protagonistak argazkiak atera eta horiek handitzen zituen antzera, hemen, pertsonaiek mugikorrarekin zein bideokamerarekin erregistratutakora behin eta berriz itzuliko dira, egia ote den edo beren baitan sortutako fantasia den ezin ulertuko dutelakoan.
Errealitatea desitxuratzen du begiradak (kamerak)? Iritsi gaitezke benetan hautemandakoa ezagutzera? Beren beldurretan harrapatuta daude Andrea, Camila eta Marie, baina baita ezagutuko ez ditugun hainbat eta hainbat emakume isildu ere. Mehatxatzen eta erasotzen dituen presentzia horiengandik askatzea ia ezinezko zaie, beharbada, inoiz ez dugulako jakin horien ahotsa sinesgarri egiten.