Gehiengoak nahi du parkea, sorlekuan
'Parkingik ez, parkea orain!' lelopean, protesta koloretsua antolatu dute Sorleku parkea Marrutxipin jartzearen aldeko guraso, familia eta auzotar batzuek. Azaroaren 7an izango da, eta Maritxu Guler parketik abiatuko dira, 17:00etan.
Joseba Sarrionandiaren poema batek honela dio: «Sorlekura iturrira / laino gisa soilik / itzultzen dira urak». Hain zuzen ere, urak baretu dira, eta Sorleku parkearen etorkizuna aurreikusitako iturrira bueltatu dela dirudi. Pasa den asteko udalbatzarrean, Donostiako Udalbatza Sorleku parkea Marrutxipin mantentzearen alde agertu zen. PSE-EEk izan ezik, gainerako udal talde guztiek berretsi zuten kokalekua. Izan ere, sozialistek disuasio aparkaleku bat jarri nahi dute Marrutxipiko lursail horretan, eta Sorleku parkearen proiektua Ametzagaina parkera eraman nahi dute.
Udal gobernuak ez du argitu orain zer gertatuko den. Hori dela eta, Sorleku parkearen aldeko gurasoek, familiek eta auzotarrek protesta koloretsu bat egingo dute azaroaren 7an. Maritxu Guler parketik abiatuko dira 17:00etan, Parkingik ez, parkea orain! lelopean. Protestan parte hartzera deitu dituzte Zurriola Ikastolako eta auzoko familiak. Gainera, antolatzaileek eskatu dute haurrek beraien ametsetako parkearen marrazkiak eramateko.
Sorleku parkea Marrutxipin jartzearen aldeko gurasoak, familiak eta auzotarrak etsipenetik itxaropenera pasatu dira. Patricia Saez Marrutxipiko auzo elkarteko kidea eta Zurriola Ikastolako gurasoa da: «Albiste ona dirudi, baina adi egon behar dugu, udalbatzarrean bozkatu zena asmoen adierazpen bat besterik ez baita. Ez da loteslea. Horregatik, gertutik jarraituko dugu prozesua». Ander Goñi, Zurriola Ikastolako irakaslea ezkorra izatetik, baikorra izatera pasatu da. «Parke baten ordez disuasio aparkaleku bat jartzeko asmoa agertu zenean, kolpe gogorra izan zen guztiontzat. Horrela ere, espero nuen, urte gehiegi pasatu direlako proiektua onartu zenetik. Era berean, espero nuen udal gobernuko alderdi batek iritzia aldatzea. Auzoko eragileak mugitu izanaren ondorioa da», azaldu du Goñik.
2024ko udal aurrekontuetan 400.000 euro daude aurreikusita Sorleku parkea Marrutxipin eraikitzeko. Udalak ez du diru hori gastatu, baina diru zati bera 2025ko udal aurrekontuetan gaineratuko dutela baieztatu du hedabide honek. Horrela ere, Saezek mesfidantzarekin hartu du aurrekontuaren aipamena: «Sorleku parkerako aurrekontua hori baino handiagoa izan da, eta beti aurkitu dute parkearen eraikuntza atzeratzeko arrazoiren bat; beraz, zain gaude. Orain, parke berriaren eraikuntza lanak lehenbailehen hastea nahi dugu. Diru gehiago edo gutxiago bidera dezakete, baina parkea zehaztua dago. Herritarrekin egindako partaidetza prozesu batean definitu zen eta, beraz, azkenean eraikiko dutenak horixe bera izan beharko luke».
Partaidetza oinarri
Sorleku parkearen egitasmoa 2017an jarri zuen abian Alubi elkarteak, Donostiako Udalaren MartxUp programaren bitartez. Ondoren, bi parte hartze prozesu egin zituzten; bata, Zurriola Ikastolako haurrekin, eta, bestea, auzoko beste haurrekin, adinekoekin eta elkarteekin. Goñik aurreneko partaidetza fasean parte hartu zuen, 2018 eta 2019 urteen artean: «Haurrentzako esperientzia oso polita izan zen. Parkea irudikatzeko aukera eman genien, eta ideia asko sortu ziren. Belaunaldi berriei egindako lanketa hori kontatu diegu, eta hasierako ilusio bera mantendu dugu». Gaineratu duenez, prozesuan parte hartu zuten haurrak «dagoeneko DBH 4. mailan daude», eta egindako lanketa hura «errealitate bihurtzea» gustatuko litzaieke.
Bigarren fasea 2021ean egin zuten, eta parkearen diseinua zehaztu zuten. «Guztira, 300 haurrek baino gehiagok parte hartu zuten. Bilera eta saio asko izan ziren. Ilusio handia sortu zen», azaldu du Saezek. Udalak eredutzat hartu izan du Sorleku parkearen partaidetza prozesua, baina onarturikoa betetzea falta da. «Zertarako balio du partaidetza prozesu batek, ondoren emaitzaren berri ez badugu? Ez du balio udalak auzoei entzuten diela iragartzeak, harturiko konpromisoak betetzen ez baditu».
Eraikitzea falta da
Dena prest dago, eta soilik udalak proiektuaren lanak lizitatzea falta da. Hori da parkearen aldekoek eskatzen dutena. «Borondate kontua da», dio Goñik. Horrekin batera, Sorleku parkea Marrutxipin jartzea «beharrezkoa» dela nabarmendu du: «Ulia-Ategorrietak eta Intxaurrondok duten tamainarekin, ezinbestekoa da. Ez dira hiriko auzo handienak, baina pertsona asko bizi dira hemen. Auzoan dauden eskoletan haur asko daude, adineko pertsona kopurua ere handia da, eta oro har, leku bat behar duten auzotar ugari daude. Horrelako arnasgunerik ez dugu, eta Sorleku parkeak adin tarte guztientzako topagune izatea du helburu».
Iritzi berekoa da Saez: «Marrutxipi inguruan eraiki diren azpiegiturek ez diote auzoari zerbitzurik eskaini. Azkenak, Marrutxipiko lotuneak, ehunka zuhaitz dituen pasealeku bat suntsitzeaz gain, trafikoa, zarata eta kutsadura ugaritu ditu. Sorleku, auzoan geratzen den lursail libre bakarra da, eta eremu handi horren alde baten eta bestearen arteko zubi lana egiten du. Ondorioz, bertan eraikitzea funtsezkoa da».
Zazpi urte luzeren ondoren, Sorleku parkearen aldeko mugimendua biziberritu dute. «Udalarekin edozer gauza gerta daiteke. Horregatik, ez gara besoak gurutzatuta geratuko zer gertatuko zain. Epe labur, ertain eta luzerako egitasmoak planifikatuko ditugu, udalak Sorleku ahaztu ez dezan, eta proiektua lehenbailehen gauzatzen has daitezen», adierazi du Saezek. •