Hirugarrena dute begiz jota
Txuri Urdin izotz hockey taldeko neskek erregulartasuna berreskuratu dute. Aurreko sasoian, liga bigarrenez eskuratu zuten, eta 2024-2025eko denboraldia bikain abiatu dute. Jokaturiko bost partidak irabazita, emakumezkoen ligako liderrak dira.
Izotz hockeya lehen mailako kirola da Suedian, Finlandian, Kanadan eta AEBetan, besteak beste. Euskal Herrian, ordea, ez da horren ezaguna, tokian tokiko salbuespenekin. Donostia ez da izotz hockeyaren hiria, baina badu bere lekua eta garrantzia. Batez ere, Donostiako Txuri Urdin klubari eta Anoetako izotz jauregiari esker. Batak bestearekin duen loturaz harago, Txuri Urdineko neskek azken urteotan irabazitako bi ligek kirol ikusgarri honi merezi duen ikusgarritasun pixka bat gehiago eman diote.
Aurreko denboraldiko liga maila oso ona emanda irabazi ondoren, Txuri Urdineko neskek ildo beretik hasi dute sasoi berria. Jokaturiko bost partidak irabazi dituzte, eta taldearen inoizko denboraldi hasiera onena da. «Egia esan, ikaragarria izan da lehen bost partidak horrela irabaztea. Oso pozik gaude emandako mailarekin», dio Eva Aizpurua jokalariak. «Markagailuez harago, egindako joko ona garrantzitsuagoa iruditzen zait», gaineratu du Maria Serna kapitainak.
Bost neurketa jokatuta, 33 gol egin dituzte, eta soilik lau jaso. Zenbaki harrigarriak dira. «Gol asko egin eta gutxi jasotzea ezinbestekoa da emaitza onak lortzeko. Gainera, estatistika hauek oso onak dira gure atezainek konfiantza hartzeko. Beraiei esker segurtasun gehiago irabazi dugu defentsan eta erasoan aritzen garen jokalariok», nabarmendu du Aizpuruak. «Bestalde, aurreko denboralditik hobetu dugun zerbait da, gol gutxiago sartu eta gehiago egin zizkigutelako. Sasoi honetan, ordea, defentsako lanean nabarmen hobetu dugu, eta markagailuak dira horren adibide». Lorturiko emaitzen azalpen propioa eman du Sernak: «Gure helburua irabaztea da beti, eta alde handiarekin bada, hobe. Taldeko gehienok denbora daramagu elkarrekin jokatzen, eta konexio berezia dugu. Arerioentzat zaila izaten ari da gure gisako talde baten kontra jokatzea gure arteko harremanarengatik».
Erregulartasuna da gakoa
Aizpuruak eta Sernak argi dute «erregulartasuna» dela taldearen lorpenen gakoa. «Partida bakoitza bataila bat da, eta irabazi arren, hurrengoa zerotik hasten da, eta helburu bera du: irabaztea. Horrela lortu dugu lehen bost partidetan onenak izatea», adierazi du Aizpuruak. «Lehen minututik azkeneraino erregularra izatea ezinbestekoa da. Partidetan asko hitz egiten dugu gure artean, jokalarien arteko lotura hobetzeko, akatsak zuzentzeko, eta taldearen kohesioa lortzeko. Hori ere bada gure indarguneetako bat», gehitu du Sernak.
Egia esan, Txuri Urdineko neskek lehiakortasuna mantentzea lortu dute, aldaketak aldaketa. «Oinarria mantendu arren, jokalari garrantzitsu batzuk joan dira. Esaterako, Stella Scott estatubatuarra. Erabakigarria izan zen iragan sasoian. Dena dela, etorri direnek ere lagundu digute maila mantentzen. Horren eredu, Uma Apo-Tsang argentinarra. Atzelaria da, eta sendotasuna ematen digu atzeko lerroan», nabarmendu du Aizpuruak. Bestalde, harrobiko gaztetxoen ekarpena ere ezinbestekoa izaten ari dela aitortu du. Baita taldeko kapitain Sernak ere: «Neska gazte asko sartu dira taldean, gazteenak 2011 urtean jaiotakoak. Ondo egokitu dira, eta garrantzitsuak izango dira etorkizunera begira».
Bost jardunaldiren ondoren, beste taldeen gainetik koska bat gorago daudela erakutsi dute. Sernak ez du uste besteak baino «askoz hobeagoak» direnik: «Partida onak jokatuta irabazi ditugu neurketa guztiak. Beste taldeak ere onak dira. Aurrerago ikusiko dugu ea hobera egiten duten, ziurrenik, maila hobetuko dutelako». Aizpuruak, ordea, besteekiko aldea dagoela uste du: «Lehiakorrak gara, eta etengabe hobetzea dugu helburu. Entrenamendu eta partida bakoitza aurrekoa baino hobea izatea nahi dugu».
Liga eta kopa
2022an liga eta kopa irabazi zituen Txuri Urdinek, eta denboraldi honetan hori errepikatzea dute helburu. Aizpuruak eta Sernak posible dela uste dute, nahiz eta hankak «izotz pistan» izan beharko dituzten. «Liga hasierako maila mantentzen badugu, eta entrenamendu onak egiten baditugu, hirugarren liga eskuratzeko aukera asko izango ditugu», dio Aizpuruak. Liga ez ezik, kopa da eskuratu nahi dutena, pasa den sasoian oso gertu izan zutelako. «Iazko zapore garratza kentzea gustatuko litzaiguke», adierazi du Sernak. «Pasa den denboraldiko arantza bakarra da», gaineratu du Aizpuruak.