Palestinaren aldeko mobilizazio eta film proiekzio bana antolatu ditu BDZk
Palestinaren aldeko bi jarduera antolatu ditu BDZ plataformak (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak) asteburu honetarako Donostian: bat ostiralean (hilak 8) eta beste bat larunbatean (hilak 9). Ostiralean, Palestinako genozidioaren inguruko dokumental bat proiektatuko dute, eta, larunbatean, mobilizazioa antolatu dute.
Gaza izango da ostiralean proiektatuko duten dokumentala, Garibai kaleko Arrupe zentroan, 19:00etan. Al Jazeera hedabideak egindako ikerketa baten emaitza da ikus-entzunezkoa, non Israelgo armadaren gerra krimenak, palestinarrek egunerokoan pairatzen dutena, eta abar ikusten diren. Amaieran, solasaldia egingo dute ikus-entzuleekin.
Bestalde, larunbatean, Harresien Nazioarteko Egunean, mobilizazioak antolatu ditu BDZk Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, Munduko harresiak apurtu! lelopean. Donostiakoa 18:00etan izango da, Bulebarrean.