Trafiko aldaketa ugari eragingo ditu Behobia-Donostiak igandean
Igande honetan 59. Behobia-Donostia izango da, eta lasterketak trafikoan aldaketak eragingo ditu. Hori dela eta, garraio publikoa erabiltzea gomendatu du Donostiako Udalak.
Trafikoko aldaketak hiriko hainbat lekutan egingo dituzte igandean. Bulebarra, Legazpi kaletik, itxita egongo da 05:00etatik 17:00ak arte. Horrez gain, Peñaflorida kalea ibilgailu mota guztietarako moztuta egongo da 05:00etatik 17:00ak arte. Lasterketa amaitu arte, ibilgailu partikularrak (bertakoak izan ezik) ezin izango dira Bulebarrera sartu Askatasun hiribidetik.
Zurriola hiribidea, Lapurdi plazatik, itxita egongo da 08:30etik 09:00etara, azken kilometroko arkua muntatu ahal izateko. Eta 09:30etik desmuntaketa lanak amaitu arte, 15:15 arte, gutxi gorabehera.
09:30etik 15:00etara, lasterketaren ibilbidea errazteko asmoz, itxi egingo dituzte Erdialderako norabidea duten honako kaleak: Jose Elosegi, Ategorrieta, Nafarroa, Zurriola eta Bulebarra. Udalak jakinarazi duenez, hiriko irteerek ez dute aldaketarik jasango eta gainerako bideak irekiak egongo dira.
Bestalde, Ulia pasealekuko bizilagunak 09:30etik 13:00etara, Mendiola bidetik Herri Ametsa Ikastolara iritsiko dira, eta bertatik Bidebietara. Ekialdetik irten edo hirira sartzeko, GI-20 errepidea (saihesbidea) erabiltzea gomendatzen dute, Intxaurrondo, Marrutxipi (lotura berria Monsen) eta Altza lotuneetatik, Groserako sarrera izan ezik, Loiolako Erriberako sarbidetik edo Carlos I.
Korrikalariak hurbiltzen diren unetik, erabat eragotziko zaie ibilgailu mota guztiei zirkuituan sartzea edo hura zeharkatzea. Hiriaren erdialderako sarbideak, momentu batzuetan, San Martin kaletik moztuta egongo dira eta, beste batzuetan, Askatasunaren hiribidetik.
Trafiko aldaketa horiek direla eta, garraio publikoko lineetako geraleku eta ibilbide asko ere aldatu behar izango dira, batez ere hiriaren Ekialdekoak.
TAO
Behobia-Donostia lasterketa dela eta, TAO 1-1 sektoreko aparkaleku baimena duten egoiliarrek baimena izango dute hiriko Aparkaleku Mugatuko Guneetako gainerako sektoreetan aparkatzeko, destinoko sektoreko TAO Txartela dutenen baldintza berdinetan. Baimen hau edukiko dute azaroaren 8tik, ostiraletik, azaroaren 11ra arte, astelehenera arte.
Hala ere, egoiliar hauek ezin izango dute beren ibilgailua dohainik aparkatu ordainketa nahitaezkoa den guneetan (15 eremuko guneetan) araututako ordutegiaren barnean.
Garraio publikoa
Lasterketa ekialdetik etorriko denez, garraio publikoko autobus guztiak Zubiaurre pasealekutik hurbilduko dira Jai Alairaino, Galtzara Nagusira, eta Kolon pasealekura, eta Mirakruz Gainerantz, Mirakruz kaletik eta Zubiaurre pasealekutik.
Lasterketa bukatzen denean, 15:00etatik aurrera gutxi gorabehera, ibilbide eta geraleku guztiak normaltasunera itzuliko dira, Bulebarreko geralekuak ezik, horiek 17:00ak aldera egongo direlako eskuragarri.
Kontuan hartzekoak:
07:00etatik 17:00etara, gutxi gorabehera, Dbus-eko ibilbideetan eta geltokietan aldaketak egingo dira. Ekialdebuseko Bidasoaldea, Oarsoaldea eta Donostialdeko lineek eta Lurraldebuseko Buruntzaldea eta Bidasoa-Oarsoaldeakoek ere aldaketak jasango dituzte. Gainera, Euskotrenek tren zerbitzu berezia eskainiko du eta Renfek garraio plangintza berezia antolatu du eta aldiriko trenak indartuko ditu.
Taxiei dagokionez, 04:00etatik 07:00etara taxien geltokia Bulebar 3ra eramango da (13, Altza autobusaren geltokia) eta 07:00etatik Bulebarrean ez da zerbitzurik izango.
Lurpeko aparkalekuak
Antolakuntzak azaldu duenez, Bulebarreko lurpeko aparkalekuko erabiltzaileak Bulebar-Hernani bidetik prestatutako erreitik irten ahal izango dira egun osoan. Sarrera moztuta egongo da 09:45etik 14:30era. Kursaaleko aparkalekuko ibilgailuen irteera, berriz, Nafarroa hiribiderantz izango da 10:30ak arte, eta lehentasuna izango dute korrikalariek. Erabiltzaileak ezingo dira barrutik irten 10:30etik 14:30era, gutxi gorabehera.
Okendoko parkingari dagokionez, Argentinako Errepublikara sartzeko trafikoa 09:45ean moztuko da. Okendo kaleko irteera 10:30etik aurrera moztuko da eta ordu horretatik aurrera, irteera Argentinako Errepublikatik egingo da. Kontxako aparkalekuan berriz, Andia kaleko sarbidea 05:30ean itxiko da. Askatasunaren hiribideko sarrera eta irteera irekita egongo dira egun osoan zehar.