25. urteurrena ospatuko du Kursaalak gaur
Kursaalak 25. urteurrena ospatzeko gala egingo du gaur, 19:30ean. Antolatzaileek azaldu dutenez, “Gipuzkoako gizartearen topaketarako hitzordua” izango da, eta hainbat artistek hartuko dute parte ekitaldian. Juan Jose Oconek zuzenduko du programa, eta Euskadiko Orkestrak, Donostiako Orfeoiak, Easo Abesbatzak eta Easo Gaztek, Arantza Ezenarrok, Neomakek, Errobik, Idoiak, Joserra Senperenak eta Lasala dantza konpainiak parte hartuko dute. Gala honetarako sarrerak Kursaal.eus webgunean eta Kursaaleko leihatiletan eros daitezke.
Ocon zuzendariaren gidaritzapean, errepertorio klasikoko, operako eta zarzuelako pieza ezagunenetako batzuk biltzen dituen obra sorta interpretatuko dute, Offenbach, Bizet, Guridi, Debussy, Verdi, Vivaldi edo Barbierik idatzitakoak.
Gainera, Anje Duhaldek eta Mixel Ducauk, Errobi talde historikoaren fundatzaileek, taldearen 50. urteurrena ospatzeko aukeratutako hitzorduetako bat izango da ekitaldia. Errobi (Adarra Saria 2024), 1970eko hamarkadan Anje Duhaldek eta Mixel Ducauk sortutako laukote lapurtarra 1985era arte egon zen jardunean eta euskarazko rock progresiboan aitzindaria izan zen.
Ondoren, euskal musikari eta instrumentu tradizionalei ikuspegi modernoa ematen dieten musikarien txanda izango da. Horrela, Neomak taldeak bere kantuetako batzuk interpretatuko ditu. Azkenik, Idoiak eta Joserra Senperena pianistak osatuko dute emanaldia, Easo Gaztek lagunduta. Arabako kantautore gazteak 2021ean aurkeztu zuen bere lehen albuma (Ilun eta abar), eta aurten bigarren albuma argitaratu du, De amar y desandar. Bestalde, Senperenaren ibilbide luzeak azken hamarkadetako erreferentziazko euskal musikarietako bat bihurtu du, 100 disko baino gehiagotan eta 2.000 emanaldi baino gehiagotan parte hartu baitu, bakarka zein beste artista batzuekin batera, konpositore gisa egindako lanaz gain.