Duintasunaren ispilu-jokoa
ANORA
Zuzendaria: Sean Baker · Urtea: 2024 · Herrialdea: AEB
Tangerine (2015) lanarekin egin zen Sean Baker nazioartean ezagun, eta ostean etorri dira pastel koloreko estetikaz blaitutako The Florida Project (2017) eta Red Rocket (2021) arrakastatsuak. Horietan, zuzendariaren lehen film ez horren entzutetsuenetan bezala —Startet (2012), kasu—, giza gorputzaren erabilera sexuala landu izan du (betiere, diruarekin, ekonomiarekin, erabat lotuta), modu transbertsalean bere filmografia osoa harilkatu duen motibo narratiboa izanik. Iristen ez den eta utopikoa den amets amerikarrari buruzko begirada propioa du zinemagileak, baina haren filmetan bada gizatasunaren aldeko apustu sendo bat.
Brooklyngo emakumezko sexu langile bat ekarri digu oraingoan, Anora-n. Familia errusiar aberats eta oligarka bateko semea den Ivan (Vanya, senideentzat) ezagutu eta hark etxera gonbidatuko duenean, zur eta lur geratuko da gaztea. Atarian zutik geldi, dantzaleku ilun eta bizimodu itogarritik askatuko duen mutikoarekin erreinu maitagarrian barneratzear dela, ezin sinistuta dago. Leiho handi, espazio zabal eta argitsua duen jauregia, baina, ez da dirudien bezain idiliko eta perfektua. Bakerrek hasiera-hasieratik ohartaraziko gaitu, txanpon orok bezala, pertsonok, jendarteak, itxurek, badutela aurpegi ezkutu bat. Hain zuzen ere, erreplika itzuliko dion beirate erraldoi eta beldurgarri horren aurrean kokatuko du zinemagile estatubatuarrak Anora protagonista aipatutako pasarte mugarrian, eta orduantxe hasiko da bera, propio, Ani izendura aldarrikatzen ere.
Bakerrek argi du zein den kontatu nahi duen istorioa, eta noren aldamenean egon nahi duen. Mikey Madison aktorearen gorputza sexualizatu eta objektualizatu ordez, gizarte maskulino, sexista, diruzale eta ustelari aurre egiteko kikiltzen ez den emakumearen ausardian jarriko du azpimarra. Mundu krudel eta garratz honetan bizirauteko beharrak bultzatu du Anora/Ani bizimodu ‘ez eredugarria’ eramatera, baina zinemagilearen begiradak oraindik ere esperantzarik badagoela gogoraraziko digu.
Ivan/Vanyarekin ezkontzean, honen gurasoak gertatutakoaz jabetu eta harremana eten nahiko dute. Aitaren morroiak etxera joango zaizkionean alde egingo du, koldar, eta emakumea haiekin geldituko da etxean; aurre egingo die, fisikoki zein dialektikoki. Badirudi filma ihes egindako mutikoaren bilaketa prozesuan murgilduko dela, baina aitzakia hutsa izango da Bakerrentzat bere apustu sentibera eta baikorrean sakontzeko. Konplizitate istorio isil bat kozinatuko da su geldoan, begirada eta keinu umilek piztutakoa; ez Ivan/Vanyarekin, noski.
Komedia erromantiko baten gisan hasiko den narrazioak umore absurdoan aurkituko du babesa, gangster edota mafia pelikulen kodeak erabiliko ditu baita ere, eta film sozialen gordintasunak kolpatu egingo gaitu azkenerako. Hala, ispiluen joko sotil eta eraginkorrak saretuko du Anora, Cannesko Zinemaldian Urrezko Palma irabazita, AEBetako zinema independentearen ordezkari nagusi bilakatu dena. Aurreko filmetan jorratutako ildoari tiraka, herrialdearen B aldeari buruzko fabula moralista eraiki du, gizartearen ertzetan girotutako pertsonaiak lehen lerrora ekarriz, eta horien duintasuna aldarrikatuz.