Egia auzoaren bilakaera 100 urte eta 450 iruditan
Donostia Kulturaren laguntzaz, Kike Otaegi Arizmendik 'Atotxa-Egia. Harresiz kanpoko ingurune batetik hiri espazio batera' liburua argitaratu berri du, auzoaren bilakaera detaile osoz jasotzen duen 300 orriko lan interesgarria.
Harrigarria da zenbat aldatu daitekeen auzo bat ehun urte eskasetan. Kike Otaegi Arizmendik izugarrizko bilketa lana egin du: 450 irudi biltzen dituen liburu mardula ondu du, Donostia Kulturaren laguntzaz. Bertan, 1860ko hamarkadatik 1970era Atotxa-Egia auzoak izandako eraldaketa jaso du, dokumentu mordo bat bilduz.
«Harresiz kanpoko ingurune batetik, hiri espazio batera» egindako bidaia jaso du Otaegik. Izan ere, Parte Zaharra harresi barruan biltzen zen garaian, Donostia hainbat auzunek osatzen zuten harresitik kanpo: San Bartolome, San Martin, Santa Katalina, Antigua eta egun Egia deitzen diogu San Frantzisko. Izan ere, 1607an frantziskotarrek bertan komentua egin zutenetik, deitura hori izan ohi zuen Egiak.
Egiaren kartografia mordoa mantendu da. Otaegik azaldu duenez, «militarrentzat oso garrantzitsua zen: Loiolatik, zein Altzatik sartzeko bidea» zelako. Honela, XVII. mendetik aurrerako mapa mordoa jaso ditu liburuan.
Trena, aukera eta harresia
1860ko hamarkada da Donostiako hiriaren gaur egungo garapenean garai erabakigarrienetako bat. 1863an, hiriko harresiak eraitsi, eta, horrekin batera, hiri ikuskera berri bat hedatzen eta garatzen hasi zen, Cortazar zabalgunearekin. 1864an, trenbidea iritsi zen, eta gertakari hau «erabakigarria izan zen Egiarentzat».
«Burdinazko harresia», hala deitzen zitzaion trenbideari, eta ibaiak ezartzen zuen mugarekin, «isolamendu egoera» sustatzen zuen. Otaegik nabarmentzen duenez, Egian, «isolamendu soziala» izan zen: auzotarrak hiriaren erdigunetik baztertuak zeuden, eta pasabiderik ez zen eraiki 34 urte igaro arte. Jasotzen duenez, hainbat manifestazio izan ziren, tartean Mandasko dukearen parte hartzearekin, trenbideak oinez zeharkatzeak eragiten zuen arrisku egoeren aurrean. Edonola, trenak erabat aldatu zuen Donostiaren eta Egiaren historia. Industria sortu baitzen trenbide inguruan.
Industrializazioa Egian
Donostia XIX. mendetik turismora bideratutako hiria izan dela esaten da maiz. Ordea, herritar gehienak industriatik bizi ziren, eta Parte Zaharra eta Erdialdea ez ezik, gainontzeko auzo guztiak tailer eta fabrikaz josita zeuden. Egia, batez ere.
1905ean, Egiako galtzadan dokumentatuak zeuden bi galdategi, makineria lantegi bat eta arraun fabrika bat, galdaragintza lantegi bat eta xaboi fabrika bat. 1936an, baita kafe txigortegi bat ere. Aldakonean, 1906an, jasota dago bazela 200 m²-ko burdin biltegi bat Mendia y Muruarentzat, eta bazirela aroztegiak, ebanisteria tailerrak, tailer mekanikoak, lixiba fabrika bat eta abar. Hauek izan ziren lantegi garrantzitsuenak: Tabakalera, udalak 1885 lagatako 13.227 m²-ko lursailean eraikia eta 1913an inauguratua; Herederos de Ramon Mugica lantegi garrantzitsuak, 1914an altxatuak, 10.440 m²-ko azalerarekin; 1903ko Zeramika edo Teila Fabrika. 1950eko hamarkadan, oraindik jarraitzen zuten fabrika indartsuek Egia eta Mundaiz ingurua bere egiten: 1954an Koipe eta 1959an Savini enpresak, esaterako.
«Zoritxarreko Egia»
Hiriak baztertutako auzoa izan zen Egia. Hala zioen Juan Matxinbarrena udal ingeniariak: «Zoritxarreko Egia auzoan ez dago inolako antolamendurik… ez dago batere planik bide publikoaren trazadurarako (…). Eremu horretan eraiki daitezkeen eraikuntzek ez dute bete behar araurik». Eta honela egin zuen proposamena: «Auzoaren tasuna kontuan izanik, orobat planak xumea izan behar du, ez du izan behar hiribide handirik, ezta plaza monumentalik ere: komunikazio bideak eta lotura aldaketa batzuk, besterik gabe». Hiriko burgesiak ikuspegi ezberdinak zituen arren, auzoa «biltegi» bat bihurtu zela dio Otaegik.
Honela, XX. mendearen lehen erdian, eta 1950. hamarkadan, bereziki, auzoak gaur egun izan duen etxebizitza planoa izatera heldu zen. Betiere, «langile auzo» izaera galdu gabe: «Frankismoan, bereziki, langile familientzako eraikuntza mordoa egin zuten, migrazioa errazteko». Eta hortik aurrera, desindustrializazioa eta egun ezagutzen dugun auzoa.
Material interesgarri mordoa jaso du Otaegik. Auzoaren «autoezagutzan» sakontzeko tresna baliagarria izatea nahi du. Eta izango da, ziur, irakurri nahi duenarentzat. •