Fermin Leizaolaren ondarea Gordailuan zainduko dute
Bilduma etnografikoak euskal kultura eta tradizioko 4.000 lan pieza etnografiko baino gehiago biltzen ditu.
Azken 60 urteotan, Fermin Leizaola Calvo (Donostia, 1943) etnografoak Euskal Herriko bizimodu tradizionala erakusten duten piezak eskuratzeko lan egin du. Gipuzkoako Foru Aldundian, Gipuzkoarako bilduma etnografiko bat sortzeko beharra planteatu zuen, horren bidez gure arbasoen bizitza eta ofizioak irudikatzea lortuko zutela esanez. Baiezko erantzuna eman zion aldundiak, eta, ordutik, horretan aritu da Aranzadi Zientzia Elkarteko Etnografia Saileko zuzendaria.
Leizaolak 4.000 pieza etnografiko bildu zituen, eta horiek denak Gordailuan daude, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroan. Lanbide tradizionalekin lotutako piezak dira, hala nola, arotzeriako tresnak (garlopak, antzinako zerrak…), bizitza tradizionaleko eguneroko objektuak, nekazaritzako lanabesak, etxeko gauzak, zeramika herrikoia eta abar. Pieza horietako batzuk, gainera, gaur egun Euskal Herrian desagertuta dauden ofizio edo bizimoduei lotuta daude.
Goizane Alvarez Kultura diputatuak Leizaolak osaturiko bildumaren balioa nabarmendu du: “Zalantzarik gabe, aldundiak aparteko etnografia bilduma izan dezan ekarpen handiena egin duten pertsonetako bat da. Fermin Leizaola Bildumak gure nortasunaren eta sustrai kulturalen testigantza baloraezina jasotzen du. Bilduma honetako pieza bakoitzak gure historiaren, gure kulturari forma eman dioten jakituria eta ofizioen, pusketa bat jasotzen du. Sei hamarkada luzez Fermin Leizaolak ondare hori gordetzeko eta transmititzeko egindako ahalegin nekaezinak agerian uzten du euskal kulturarekiko izandako konpromiso sakona”.
Leizaolak Aranzadi Zientzia Elkarteko Etnografia Saileko zuzendaritza utziko du, eta Maite Errarte historialari beasaindarrak hartuko du haren lekua. Errarte 2019an sartu zen etnografia sailean eta, Suberri Matelorekin batera, ondare kultural materiala katalogatzeko proiektuak, museografiakoak eta dibulgaziokoak zuzendu ditu.
45. Etnografia Jardunaldiak
Azaroaren 12tik 15era bitarte, San Telmo museoarekin elkarlanean, Aranzadiren 45. Etnografia Jardunaldiak egingo dituzte. Sailak azken urteetan ikertu eta garatu dituen etnografia proiektuak bilduko dituzte dituzten hitzaldiek. Leizaolak emango die hasiera jardunaldiei, eta 45 urteren ondoren saileko zuzendari gisa egingo diren azkenak izango dira. Jardunaldi horien bidez, Leizaolak urte luzez zuzendu duen ibilbideari agurra emango diote.
- Azaroak 12. Algunos elementos de cultura material propios de vasconia. Hizlaria: Fermin Leizaola.
- Azaroak 13. Genealogiatik etxeko dokumentuetara Gipuzkoan. Hizlaria: Mikel Prieto.
- Azaroak 14. Pottoka: Euskal Herriko poniaren jatorri era ondareari jarraika. Hizlariak: Miren Iraeta Orbegozo, Sofia Marcos eta Oihane Mendizabal.