«Oraindik lan asko daukat egiteko etxe honetan»
50 urte bete ditu Donostiako Askatuak saskibaloi taldeak. Iñaki Almandoz Aramburu (Martutene, 1951) izan zen sortzaileetako bat, eta, ordutik, klubari lotuta bizi da. Izan ere, 48 urte betetzera doa presidente gisa, eta albo batera egiteko gogoa duen arren, erreleboa falta zaio. Taldearen historia errepasatzeko bidelagun aproposena da.
Martuteneko Goiatz Erribera baserrian jaio zen Iñaki Almandoz Aramburu, aitaren antzera. Ama, berriz, Usurbilgoa zen. Bi urtez bizi izan zen baserrian, eta aita bigarren semea zenez, bizimodua baserritik kanpo bilatu behar izan zuten. Txikitan, hiru kirol ziren gehien gustatzen zitzaizkionak: pilota, txirrindularitza eta arrauna. Martutenen ez zuen aukerarik izan hiruak praktikatzeko. Aldiz, saskibaloia 16 urterekin ezagutu zuen, Amara Berriko Peñaflorida institutuan Batxilergoa egiten ari zela. Kirol horrekiko interesa eta ezagutza urte gutxiren buruan areagotu zuen.
1975. urtea. Franco oraindik bizirik zegoen, eta giroa nahasia zen Euskal Herrian. Horrela ere, kirol zale batzuek saskibaloi klub bat sortzea erabaki zenuten. Zergatik?
Urte hartako udan izan zen, bai, diktadorea hil baino hilabete batzuk lehenago [1975eko azaroaren 20an zendu zen]. Uztailean, dokumentazio guztia prestatu eta bidali genuen kluba sortzeko, eta aste batzuk beranduago jaso genuen baimena.
Zergatia, berriz, nahiko sinplea izan zen. Donostiako Atletikok saskibaloi atala desegitea erabaki zuen, eta atal horretan ibilitako batzuk klub berri bat sortzea erabaki genuen. Gogoratu behar da Josean Gaskak sortu zuela Donostiako Atletiko [1958an], besteak beste, saskibaloia sustatzeko. Ordea, Frantziara joan zen hainbat urtez saskibaloi entrenatzaile gisa aritzeko, eta, orduan, klubak saskibaloi atala kendu zuen, diru asko kostatzen zuelako. Gaska Frantziatik itzuli zen, saskibaloi atalean aritu ginenoi deitu eta talde berri bat sortzea proposatu zigun.
Jose Antonio Gaska hartu ohi da Askatuak izango zenaren bultzatzaile nagusitzat. Dena dela, zuk eta beste hainbatek sortu zenuten kluba, ezta?
Esan moduan, Gaska izan zen ideologoa, ekintzaile paregabea zelako. Sortzaileak, berriz, zortzi-hamar lagun izan ginen, gehienak Donostiako Atletikon ibilitakoak eta saskibaloi zaleak. Besteak beste, Fran Otxoa, Jose Maria Zumalde, Alberto Cifuentes, Javier Zubiaurre eta Patxi Cano, Harkaitz Cano idazlearen aita. Beste hiru edo lau laguntzaileak ziren, zuzendaritza osatu eta kluba martxan jartzeko lagundu ziguten pertsonak.
Hasierako izena ez zen Askatuak izan, Dicoproga baizik. Enpresa babesle baten izena hartu zuen hasierako klubak. Zer dela eta?
Horren inguruko xehetasunak ez ditut gogoan, 24 urte nituelako eta ikasketak egiten ari nintzelako. Gaskaren erabakia izan zen, eta hark egindako proposamena onartu genuen galdera askorik egin gabe. Horrela ere, uste dut badakidala Dicoproga izena hartzeko arrazoia. Abeltzaintzari loturiko enpresa hasiberri bat zen, eta ezagutzera emateko aukera ona izango zela esan zien Gaskak. Horregatik jarri genion izen hori klubari.
1975-1976ko denboraldian egin zenuten debuta Espainiako bigarren mailan, beste klub baten plaza hartuta.
Errenteriako Don Bosco taldea bigarren mailan zegoen, eta arazo ekonomikoengatik plazari uko egin zioten. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialaren menpekoa zen, eta saskibaloia nabarmen garestitu zenez, diru gehiago ez jartzea erabaki zuten. Gaska artista bat zenez, dena martxan jarri zuen. Dicoproga babeslea lortu ondoren, talde ederra osatu zuen Don Boscoko eta Donostiako Atletikoko jokalariekin. Gainera, talderik gabe geratu zen Segundo Shegun Azpiazu eta Ed Robota estatubatuarra fitxatu zituen. Denboraldi bikaina egin eta lehen mailara igo ginen. Inork ez zuen espero, ezta guk ere. Aldiz, 1976-1977ko denboraldian, Dico’s izenarekin jokatu genuen lehen mailan. Bosgarren tokian bukatu genuen, eta Europako Korac koparako sailkatu ginen.
«Josean Gaska izan zen ideologoa. Sortzaileak, berriz, zortzi-hamar lagun izan ginen»
Denboraldi hura bukatzean aldatu zenuten izena, 1977. urtean. Gainera, klubeko presidente izendatu zintuzten. Zuk aukeratu zenuen Askatuak euskarazko izena. Zergatik?
Babesleen dirua bukatu zenez, taldeari izen propioa jartzea erabaki genuen, eta izen hori euskarazkoa izan behar zela argi ikusi nuen. Ni euskalduna naiz, eta betidanik saiatu naiz euskarari eta euskal kulturari ikusgarritasuna ematen. Ordurako presidentea nintzen, eta Gaskari euskal izena jartzea proposatu nion; gustatu zitzaion. Berak ez zekien euskaraz, baina klubari euskal izaera ematearen aldekoa zen.
Hain zuzen ere, Askatuak-en ikurrak, izena ez ezik, euskal izaera ere badu. Eguzki lore batek, saski batek eta euskal grafiak osatzen dute.
Izena nik aukeratu nuen, baina ikurra Gaska eta bion artean diseinatu genuen. Kluba sortzean, hasierako ikurra Gaskak berak proposatu zuen. Hau da, ikurrari txapela jartzea bere ideia izan zen. Lehen bi urteetan gure jokalariak txapela jantzita ateratzen ziren kantxara, erdira joan, agurtu eta txapelak harmailetara botatzen zituzten. Oso garesti ateratzen zenez, hori egiteari utzi genion [barrez]. Izena aldatzean, logoa eraldatzea erabaki genuen. Gogoan dut Gaskak Luis Pedro Peña Santiago etnologoaren liburu bat ekarri zuela. Liburu horretan euskal nortasunaren hainbat tresna eta ikur agertzen dira, tartean, eguzki lorea. Baserrien atarietan jartzen da, txarkeri guztiak uxatzeko. Gaskak eguzki lorea ikurrean txertatzea proposatu zuen, eta niri oso ondo iruditu zitzaidan. Letren grafia ere aipaturiko liburutik atera genuen, ohikoa dena Ipar Euskal Herriko hilerrietan.
Euskal izaerarekin jarraituz, beste anekdota bat kontatu nahi dut. Kluba 1975ean sortu genuenean, saskibaloi hitza ez zen erabiltzen; baloncesto eta basket soilik. Euskarazko hitza erabiltzen hasi behar genuela pentsatu nuen. Laguntza eske, Aita Villasante euskaltzainburuari gutuna idatzi nion, hitz egoki baten bila. Erantzun zidan eta altxor gisa daukat gordeta. Mujikaren hiztegian begiratu zuen, eta han saski-baloi erabiltzen zela ikusi zuen. Aukera onena iruditu zitzaion, eta hori proposatu zidan. Hori dela eta, gu izan ginen Euskal Herriko lehen taldea saskibaloi hitza erabiltzen.
Nik sentitzen nuen saskibaloiari euskal kutsua eman behar niola. Kirol inbaditzaile moduan ikusten nuen, AEBetatik etorritakoa. Gureak ziren pilota, arrauna eta herri kirolak. Saskibaloia, berriz, arrotza iruditzen zitzaidan, kanpotarra eta estatubatuarra. Gaur egun, Black Friday eta Halloween gisako txorakeriekin antzera gertatzen da. Euskal Herria amerikanizatzen lagunduko dut? Galdetzen nion neure buruari. Kontraesankorra iruditzen zitzaidan. Orduan, euskal izaera lantzea erabaki nuen, azaldu moduan.
Askatuak izenaren esanahiaren atzean bi bertsio daude, ofiziala eta bestelakoa. Batetik, kritikatzen zenuten Espainiako Saskibaloi Federazioaren aurrean, klub aske eta independente bat izan nahi zenutelako. Bestetik, Espainiako trantsizio garaia hasi berritan, libre sentitzeko nahia aldarrikatzeko.
Biak dira zuzenak. Kontua da garai hartan ezin zela garbi edozer esan. Pentsa, 1978ko martxoan gure kontrako atentatu bat egin zuen Triple A taldeak. Garibai eta Peñaflorida kaleen arteko establezimendu batean tonbola bat jarri genuen dirua biltzeko, eta zeharo txikitu zuten lehergailu batekin. Beraien aldarrikapena hau izan zen: «Por rojos y comunistas». Hurrengo urtetan, izena aldatzeko eskatu zidaten hainbatetan, arriskutsua zelako, arazoak sortuko zituelako eta babesleak uxatu zitzakeelako.
Espainiako federazioari dagokionez, harreman txarra frankismotik zetorren. Saskibaloian ere Real Madril zen jaun eta jabe, Espainiako hiriburuko taldea. Beti lortzen zuten txapeldunak izatea, beraiekin izan behar zirelako Espainiaren ikur Europan eta munduan. Beraz, liga jukutria hutsa zen, beraiek beti irabaz zezaten. Horren kontra zegoen Gaska, ez zela lehia justua eta bidezkoa. Ligan talde guztiek irabazteko aukera izateko, lehia bera orekatzea eta saskibaloia profesionalizatzea eskatzen zuen. Horren aldeko lan asko egin zuen, eta haren kontra egin zuten etengabe Madriletik. Gerora, ACB ligaren sortzaileetakoa izan zen.
1982. urtea beltza izan zen Askatuak-entzat. Bi sortzaile eta ikur hil ziren; Fran Otxoa apirilean eta Josean Gaska abenduan. Kolpe gogorra izan zen klubarentzat eta zuretzat?
Latza, gogorregia. Bi sortzaile galdu genituen hilabete gutxiren buruan. Batez ere, Gaskaren heriotzak harrapatu gintuen ezustean. Otxoak osasun arazo batzuk zituen, eta bihotzekoak jota hil zen, 35 urte baino ez zituenean. Gaskak, berriz, 45 urte zituen garun isuri baten ondorioz zendu zenean.
Madrilgo hedabideetan egurra ematen zioten Gaskari. Real Madrilek komunikabideak ere menperatzen zituen. Orduan, asko presionatu eta kritikatzen zuten. Kritika horiek itxuraz ez zioten eragiten, baina barrutik ez dakit zer izan zen beretzat. Ez nion inoiz kexatzen ikusi, baina adin horrekin hainbat kritika jasotzeak ez zion eragin? Bere baitan, borroka, higadura, ez zioten faktura pasatuko? Zalantza horrekin geratu naiz.
Gaska kide ez ezik, zure lagun ona ere bazen. Erabaki asko elkarrekin hartu zenituzten. Nolakoa izan zen hura gabe aurrera egitea?
Zaila, oso zaila. 31 urte nituen, emaztea eta bi seme-alaba. Kutxan lan egiten nuen, eta handik ateratzean klubaren egoitzara joaten nintzen, presidentea nintzelako. Astean zehar, ordu asko sartzen nituen, eta, asteburuetan, taldearekin partidetara joaten nintzen. Hori guztia emazteari esker izan zen, asko lagundu ninduelako eta nire ilusioa ulertzen zuelako. Donostiak eta Gipuzkoak goi mailako saskibaloi talde bat izatea izan da nire betiko helburua. Gaska eta Otxoa hil zirenean, haiek omentzeko egin nuen aurrera.
Hasieratik, kirol maila eta alor ekonomikoa orekatzea izan zen klubaren erronka, eta gorabehera ugari izan zenituzten. 1970eko hamarkadan lehen mailan eta 1980ko hamarkada bukaeran ACB ligan jokatzea lortu zenuten. Horiek izan ziren klubaren garai onenak?
Lehendabiziko hiru denboraldiak oso politak izan ziren. Kiroldegia betetzen zen, partidak irabazten genituen eta espektakulua ematen genuen. Horretarako, jokalari egokiak genituen. Orain arte ez ditut Essie Hollis eta Nate Davis estatubatuarrak aipatu, klubaren ikur bihurtu zirenak. Ligaren historiako puntuen batezbesteko onenak beraienak dira, eta gurekin lortu zituzten. Dena dela, jokalari onak mantentzea zaila zen, diru asko behar zelako.
Urte batzuk beranduago, zorte pixka batekin lortu genuen ACB ligara igotzea. Ordurako, saskibaloia oso garestia zen, eta diru faltan, ezin izan genuen maila hura mantendu.
1990eko hamarkadatik aurrera, maila apalago batean aritu zarete, baina beti lehiakorrak izateko asmoarekin.
Bai, baina kostatu zitzaidan errealitatea onartu eta amore ematea. Egoera ulertzen nuen, baina ez nuen etsitzeko inolako asmorik. Gaskak esandako bi esaldi buruan iltzatuta nituen. Bata hau zen: «Askatuak, dagoen mailan dagoela, primerako talde bat izan behar da». Eta bestea, hauxe: «Amore ematen duenak ez du sekula irabazten, eta eusten duenak irabaztea lortzen du». Horrek indarra ematen zidan aurrera jarraitzeko.
«Kostatu zitzaidan errealitatea onartu eta amore ematea. Ez nuen etsitzeko asmorik»
Eta noiz eman zenuen amore?
2000. urte inguruan hasi nintzen amore ematen. Emaztea hil zitzaidan, bi seme-alaba nituen, klubean ordu asko sartzen nituen, saskibaloia aurrerapauso handiak ematen ari zen ACB ligan… Trainerua ihes egiten eta urruntzen ari zela ikusi nuen. Atzean geratu ginen, eta beste taldeek gurekiko zuten abantaila areagotu zuten.
Gainera, 2001ean, Donostia Gipuzkoa Basket sortu zuten Askatuak-en zuzendaritzan ibilitako batzuek, Gipuzkoako Aldundiaren laguntzarekin. Guri min handia egin zigun, baita niri ere. Begira, Askatuak-en historian hiru kolpe jasan ditut. Lehena, Gaskaren eta Otxoaren heriotza izan zen. Bigarrena, emaztearena, eta, hirugarrena, Gipuzkoa Basketen sorrera. Horrek asko oztopatu zuen gure ibilbidea, eta gure garaia pasatu zela iruditu zitzaidan.
Horrela ere, goi mailara igo eta talde profesionala izateko asmoari 2014. urte inguruan egin nion uko. Klubaren beste zutabearekin geratzea lehenetsi genuen: oinarrizko saskibaloia eta formazioa. 1975. urtetik hasi ginen harrobia lantzen, haurrekin, eta gaur egunera arte mantendu dugu. 2003an sortu genituen nesken taldeak, eta 8 urtetik gorako neska-mutilen hainbat talde ditugu kategoria gehienetan. Gainera, saskibaloi inklusiboaren alde, Saskiamets taldea sortu genuen duela urte batzuk. Beraz, primerako talde bat izatea hobetsi dugu, Gaskak esan zidan moduan.
22 urteren ondoren, iaz, Donostia Gipuzkoa Basketekin bakeak egin eta elkarlanerako hitzarmena sinatu zenuten. Iraganeko arantza kendu zenuen?
Bai, lasai nago. Urte horietan guztietan ez genuen harremanik izan. Beraiek ez ziren gurekin harremanetan jarri, eta gu beraiekin ezta ere. Batez ere, Askatuak-en ibilitako pertsona batzuek sortu zutelako Donostia Gipuzkoa Basket. Gainera, modu txarrean atera ziren kide horiek. Oso mingarria izan zen. Dena dela, garaiak aldatzen dira, eta baita pertsonak ere. Gaur egun, Gipuzkoa Basketen zuzendaritzan ez daude Askatuak-etik joan ziren pertsona horiek. Beste batzuk dira, batez ere, presidentea eta gainerako zuzendaritzako kideak. Gurekin harremanetan jarri ziren elkarlanerako eta adiskidetzeko. Zer nahi genuen galdetu genien, eta gure eskaerak aintzat hartu zituzten. Egia esan, nik ez nuen horrelako mugimendurik espero. Ezusteko ona bat izan zen niretzat. Oso apal eta estilo onarekin etorri ziren. Gure baldintzak zeintzuk ziren galdetu ziguten, eta gure artean pentsatu ondoren esan genizkien. Pentsatu genuen ez zituztela onartuko, baina bai, onartu zituzten. Azken batean, baten bat modu horrena adiskidetzeko asmoarekin hurbiltzen zaizunean, ezin diozu ezetzik esan.
50 urte beranduago, pozik zaude Askatuak gaur egun denarekin?
Bai. Gaur egun, Donostian saskibaloia aurrera ateratzeko dauden baldintzekin ezin da askoz ere gehiago egin. Talde profesional bat dago, eta lagundu behar diogu. Gure egungo helburua da harrobia sendotzea eta ugaritzea, baina misio batekin: gure neska-mutilek saskibaloiaren balioak barneratzea. Saskibaloiari esker bizitzea ia ezinezkoa da, gurean oso gutxik lortzen dutelako. Beraz, gure jokalariek saskibaloia jokatuz gozatzea da oinarria.
Euskal Herrian kirol klub batean urte gehien daramatzan presidentea zara. Laster 48 urte beteko dira kargua hartu zenuenetik. Jarraitzeko asmoa duzu?
Klubean bai, baina beste plano batean, eta ez presidente gisa. Gustatuko litzaidake emakume edo gizon batek hartzea nire lekua. Oraindik lan asko daukat egiteko etxe honetan. Klubaren historia idazten, eta argazki artxiboa zein hemeroteka txukuntzen jarraitu nahi dut.
«Gure jokalariek saskibaloia jokatuz gozatzea da gure egungo oinarria»
50. urteurreneko lagunarteko berezi bat antolatu ondoren, beste ospakizunik aurreikusi duzue?
Bai, baina gehienak etxe barrura begirakoak dira. Abendu hasieran, kirol egokituko txapelketa bat antolatzen ari gara. Lau taldekoa izango da, tartean, gurea; Saskiamets. Abendu bukaeran, berriz, 3×3 saskibaloi txapelketa egingo dugu. Datorren urtean, berriz, Euskadiko Federazioarekin elkarlanean torneo bat egingo dugu Aste Santua pasatuta. Bukatzeko, ekaina aldean, bazkari handi bat egiteko asmoa dugu. 50 urteotan klubetik pasatu diren jokalariak, teknikariak, boluntarioak eta zaleak gonbidatuko ditugu. Bestalde, Askatuak-en historia iruditan jasoko duen argazki erakusketa bat prestatzen ari naiz, merezi duelako.