Puzka
«Haize erauntsiak datoz eta badoaz. Puzka: Honduras, Mexiko, Nikaragua, Salvador, Belize, Guatemala, Ertamerika osoa». Fermin Muguruzak idatzi zuen Mich urakanaz, eta egun hauetan, ezin kendu Valentziatik gogoa.
Baina ez dakit zergatik, ezin kendu gogoa ezta ere Gazatik, Libanotik, Chiapasetik, Kongotik, AEBetatik. Mundu osoak ematen du min. Eta ez dira soilik «eskuinaren politikak». Gizateria kapitalistaren itsukeriaren fase gorenera autobidean sartzen ari gara, frenorik gabe.
Klima aldaketak, noizbait, Donostia txikituko duela jakin badakigu. Lehenago ez badute txikitzen espekulatzaileek, behintzat. Zeren, Ferminekin jarraituz: «Bada beste urakan mota bat, gosez ez denean hiltzen duena balaz».
Pertsonarik gabeko txokolategien ordez, ondo antolatutako gozozale asko beharko ditugu, urakan deitzen den kapitalismo basati hau geldiarazteko. Txokolatearekin edo etxeko mamiarekin; hori, jada, norberaren gustura.