Udal talde guztiek bat egin dute Memoriaren Egunean
Eguerdian egin dute udal talde guztiek elkarretaratzea, azaroaren 10ean ospatzen den Memoriaren Egunaren harira.
Donostiako Udalak omenaldia egin die terrorismoaren eta indarkeriaren biktimei. Ekitaldia Alderdi Ederren dagoen biktimak omentzeko monolitoan izan da. Bertan, udal korporazioak parte hartu du, Eneko Goia alkatea buru. Minutu batzuk isilean igaro ondoren, lore eskaintza egin dute, Udal Txistularien bandak lagunduta.
Goia alkateak hedabideen aurrean adierazi duenez, “pozgarria da” udal talde “guzti-guztiak” bertan izatea. Izan ere, Alderdi Popularrak mota honetako ekitaldietan egoteari uko egin dio beste hiri batzuetan.
Goiak nabarmendu du memoria lantzen jarraitzeak berebiziko garrantzia duela, “iraganetik ikasteko” eta, batez ere, “etorkizun hobe bat eraikitzeko”.