Antiguako azken eraso matxista salatzeko elkarretaratzea egingo dute arratsaldean
Eraso matxista bat gertatu zen azaroaren 2an, goizaldean Antiguan, eta erasoa salatzeko elkarretaratzea egingo dute gaur arratsaldean. Antiguako Feministak eta Donostiako Asanblada Feministak antolatu dute elkarretaratzea, eta 18:30ean izango da, Gaskonia plazan.
“Antiguak argi du! Erasorik ez erantzunik gabe!”, adierazi dute sareetan zabaldu duten mezuan. Auzoko hamasei eragilek deitu dute elkarretaratzera. Kirol eta dantza taldeez gain, gaztetxeak, aisialdi taldeak, auzoko danborradak, eta mugimendu zein alderdi politikoek bat egin dute salaketarekin. Antiguotarrak elkartea, Itaia, Palestina Askatu, Antiguako jai batzordea, Sortu Antigua, Ernai Antigua eta Sare daude deitzaileen artean.