Arauzko balentria
Realak Bartzelona liderra mendean hartu du, partida serioa jokatuta (1-0). Txuri-urdinek Anoetako bolada txarra ezin hobeto eten dute.
Gutxik espero zutena egiteko gai dira Realeko mutilak. Denboraldiko estatistika guztiak kontra zituzten arren, gai izan ziren atzo Bartzelona liderrari irabazteko. Kataluniarrak ligan partida bakarra galduta, eta denboraldi honetako partida guztietan gutxienez gol bat eginda etorri ziren Donostiara. Ordea, estatistikak hausteko daudenez, Realak ezinezkoa zirudiena lortu zuen, balentria baten bidez. Dena alde izan zuten txuri-urdinek, eta joko maila oso ona erakutsi zuten, batez ere, defentsako lanean. Aldiz, Sheraldo Beckerrek egin zuen neurketako gol bakarra, hiru puntu balio dituena. Anoetak eztanda egin zuen aspaldiko partez, horrelako garaipen baten beharrean zirelako jokalariak eta zaleak. Liderra gaindituta, Reala sailkapen nagusiko zortzigarren postuan dago.
Realeko neskek ere irabazi egin zuten atzo Coruñako Deportivoren zelaian (0-1). Partida hasi eta gutxira aurreratu ziren markagailuan etxekoek baloia beraien atean sartu zutelako. Ordutik aurrera, joan-etorrikoa izan zen lehia, eta markagailua borobiltzeko aukerak izan arren, horrela bukatu zen neurketa. Athleticen kontrako euskal derbiaren atarian, txuri-urdinek garaipen garrantzitsua eskuratu zuten, eta, orain, sailkapen nagusiko laugarren tokian daude, hiru talde onenen atzetik.
Eskubaloian, Bera Berak ez zuen nahi zuen emaitza Polonian. Donostiako eskubaloi taldeak galdu egin zuen Lublinen aurka, Europa ligako multzoen fasera sailkatzeko partida erabakigarriaren joanekoan (23-19). Lau goleko desabantailari aurre egin beharko diote Gaska kiroldegian. Atsedenaldian aurretik ziren arren, poloniarrek gauzak hobeto egin zituzten garaipena eta errenta polita lortzeko. Datorren igandean, hilaren 17an, Gaska goraino bete nahi dute kanporaketa iraultzeko. 12:00etan izango da igandeko norgehiagoka.
Belar hockeyan, balio handiko puntua eskuratu zuen Realak Atletic Terrassaren zelaian (1-1). Etxekoak aurreratu ziren penalti korner baten bidez, baina Luciana Molinak berdindu zuen partida. Datorren asteburuan, berriz ere Terrassan jokatuko dute, baina ligako beste taldearen kontra, hiriko bi talde daudelako emakumezkoen ohorezko mailan.
Saskibaloian, Gipuzkoa Basketek astindua jasan zuen Burgosen kantxan (90-68). Agerikoa da lehen FEB mailako talde indartsuenetakoa dela, eta, gainera, donostiarrak ez ziren fin aritu. Erregulartasuna lortzea falta zaie denboraldiko helburuetatik gertu ibili nahi badute.
EMAITZAK
Futbola
Gizonezkoen liga, 13. jardunaldia
- Reala 1 – Bartzelona 0
Emakumezkoen liga, 9. jardunaldia
- Deportivo 0 – Reala 1
Eskubaloia
Europa ligako QR3 kanporaketa, joanekoa
- Lublin 23 – Bera Bera 19
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 8. jardunaldia
- Atletic Terrassa 1 – Reala 1
Saskibaloia
Gizonezkoen bigarren mailako liga, 7. jardunaldia
- Burgos 90 – Gipuzkoa Basket 68