‘Hizkuntzen irabazia’ foroak hamabost hizkuntza gutxitu bilduko ditu Donostian
Azaroaren 26 eta 27an Kursaalean egingo den Hizkuntzen Irabazia. Benefits of language industry in the economy kongresua aurkeztu dute Irune Berasaluzek, Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak, Lohitzune Txarolak, Languneko zuzendariak eta Gösta Toftek, Union of European Nationalities (FUEN) elkarteko lehendakariordeak.
Azaldu dutenez, jardunaldien helburua hizkuntza gutxituek tokiko ekonomiari egiten dioten ekarpena erakustea da. Era berean, “hizkuntza gutxituentzat teknologia berrietan eta ingurune digitalean presentzia izateak duen garrantzia” nabarmendu nahi dute.
Berasaluzek azaldu duenez, euskararen biziberritzean egin beharreko lanei buruz hitz egitean, “sarritan gure baitara begiratzeko joera dago, bizi ditugun erronkak, arazoak eta egindako urratsak geure artean aztertuz, konparatuz eta eztabaidatuz”. Hala ere, gogorarazi du askotan ahazten dela “gure inguruan, Europan eta munduan, badirela hizkuntza komunitateak antzeko desafioak eta egoerak bizi dituztenak. Horregatik, Donostian ‘Hizkuntzen Irabazia’ bezalako kongresu bat egiteak aukera paregabea eskaintzen duela azpimarratu du, gainontzeko hizkuntza komunitateetatik ikasteko eta Euskal Herriko eragile, elkarte eta erakundeek egiten ari diren berrikuntza ahalegina partekatzeko”.
30 hizlaritik gora
Bi egunez, Euskal Herriko zein Europako 30 hizlaritik gora bilduko dira Kursaalen eta hamabost hizkuntza gutxituren egoera eta errealitatea ezagutzeko aukera egongo da, besteak beste.
‘Hizkuntzen Irabazia’, urtero FUENek antolatzen duen ‘Forum of the Minority Regions’ markoan kokatuta dago. 2016tik, foroa Hego Tirolean, Bruselan, Postdamen, Helsinkin eta Galwayn egin da gutxiengoen eskubideen defentsan eta sustapenean dauden desberdintasunak elkartrukatzeko eta eztabaidatzeko leku gisa. Gösta Toftek hizkuntza gutxituak tokiko ekonomiaren garapenarekin lotu du zuzenean: “Gutxiengoek eskualde horien garapen ekonomiko eta sozialean laguntzen dute. Beraz, ez da kasualitatea eskualde horietako batzuk Europako aberatsenen artean egotea: Hego Tirol, Italiako per capita errenta altuena duena, edo Euskadi eta Nafarroa, Espainiako eskualde aberatsenen artean, horren adibide onak dira”.
Kongresua Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Donostiako Udala, Euroeskualdea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Bethlen Gábor funtsa eta Badalab babesleen laguntzaz egingo da. Kongresua doakoa da, baina bertaratzeko beharrezkoa da izena ematea www.hizkuntzenirabazia.eus webgunearen bidez.B