«14 tip zure bidaia top izan dadin» kanpaina aurkeztu du udalak, autobus bidaiak seguruago izan daitezen
Gaur, Dbusek 14 Tip zure bidaia Top izan dadin izeneko kanpaina aurkeztu du. Dbuseko bidaiariek bidaietan segurtasun eta erosotasun handiagoa izatea da kanpainaren helburua. Honela, gaur hasi eta urtarrilaren 31ra bitarte, Dbuseko hainbat autobus eta lineatan bidaiatuko dute bi langilek, erabiltzaileei “bidaia seguru baterako jarraibideak eta gomendioak eskaintzeko”. Era berean, autobusean “seguru eta eroso” bidaiatzeko moduari buruzko informazio liburuxkak banatuko dira.
Ondorengo gaiak landuko dituzte herritarrekin: Herritarren heziketa, adineko pertsonentzat eta haurdun daudenentzat erreserbatutako eserlekuak pertsona horiei uzteak duen garrantziaz; Desgaitasuna dutenei aulki gurpildunak jartzeko moduari buruzko aholkuak ematea; Heldulekuak erabiltzeak daukan garrantzia gogoraraztea; bizkar zorroak eta fardel objektuak nola jarri behar diren erakustea, autobus barruko pasabidea ez oztopatzeko; eta zutik bidaiatzen duten pertsonak ibilgailuaren atzealdera mugitzearen garrantzia, bidaiariei aurreko atetik autobusera sartzen uzteko.
Olatz Yarza Mugikortasun eta Garraio Jasangarriko zinegotziak nabarmendu duenez, “Udal Gobernu honen helburu nagusietako bat mugikortasun jasangarria bultzatzea da. Mugikortasun garbi, osasungarri eta seguruaz ari gara, eta hiru ardatz horiek dira gure eguneroko lanaren oinarria. Gaur aurkezten dugun ekimena ardatz horietako bat indartzera dator, segurtasunarena, garraio publikoko zerbitzuaren parterik garrantzitsuenari, erabiltzaileei, zuzenean zuzendutako kanpaina batekin”.
Willis Towers Watson aseguru artekaritzarekin lankidetzan garatu da kanpaina. Ricardo Sanz Espainiako WTWko zuzendari nagusiak esan duenaren arabera, “estatistikok egiaztatuta dago kanpaina horiek %25 eta %50 artean murrizten dituztela gorabeherak”.