Katxalin martxa, hamargarren aldiz
Urria arrosaz jantzi ohi da Bularreko Minbiziaren Munduko Egunaren harira —urriaren 19an da—. Hilabete inguru beranduago, X. Katxalin elkartasun martxa egingo dute Donostian. Igandean izango da, hilaren 17an. Alderdi Ederretik abiatuko dira 11:00etan, eta 4,5 kilometroko ibilbidea arrosaz jantzita eta oinez egingo dute parte hartzaileak.
Gaur goizean egin dute martxaren aurkezpena udaletxean, eta, urtero moduan, helburua bularreko minbizia ikusaraztea eta ikertzen jarraitzea dela adierazi dute antolatzaileek: “Bularreko minbiziak oso presente jarraitzen du gure artean, eta gero eta gehiago eragiten die emakume gazteagoei eta gizonei”. Hain zuzen ere, aurten bildutako dirua BioDonostiako Bularreko Minbiziaren Ikerketa Taldeari emango diote. Txekea ibilaldia hasi aurretik emango dio Katxalin elkarteak BioDonostiari.
Urtero moduan, Alderdi Ederren hasi eta bukatuko dute martxa. Zurriolako hondartza inguratu, eta Tomas Alba plazan dagoen Bakearen Usoa eskulturaraino joango dira. Ondoren, Parte Zaharraren barrutik itzuliko dira hasierako puntura.
Berritasuna
Katxalin martxan izena emateko hainbat modu daude. Berritasun gisa, Katxalin elkartearen webgunearen bidez egiteko aukera ahalbidetu dute. Parte hartu nahi dutenek online inprimaki bat bete behar dute, kamiseta jasotzeko hurbil dagoen bilketa gunea hautatzeko aukerarekin. Bilketa gune horiek probintzia osoko Eroski dendak eta Donostia, Bergara eta Zumarragako Katxalinen egoitzak dira. Era berean, izena eman daiteke Garberako eta Urbileko Eroski supermerkatuetan, eta Groseko Apalategi kirol dendan, azaroaren 16ra bitarte.
Martxaren egun berean ere eman daiteke izena, Katxalin elkartearen postuan, udaletxeko terrazan.