Roberto Olabek Reala utziko du, berriz ere
Erik Bretos izango da haren ordezkoa, gasteiztarraren egungo laguntzailea.
Roberto Olabe (Gasteiz, 1967) kirol zuzendariak Reala utziko du denboraldia bukatzean. Klubak hainbat hedabidek aurreratu duten albistea baieztatu du. Are gehiago, ordezkoa zein izango den ere argitu dute: Erik Bretos. Azken urteotan gasteiztarraren albokoa izan da, eta bere lekua hartuko du.
The Athletic kirol hedabidea —The New York Times taldekoa— izan da Olabaren agurra iragartzen lehena, eta Noticias de Gipuzkoa egunkariak ziurtatu ahal izan du. Bi hedabideek adierazi dutenez, Olabek Jokin Aperribai presidenteari jakinarazi dio erabakia. Kontratua 2026 urtera arte duen arren, urtebete lehenago etengo du harremana.
Aldiz, Olaberen etorkizun profesionala Ingalaterrako ligarekin lotu dute aipaturiko hedabideek. Zehazki, Arsenal taldearekin, Edu Gaspar kirol zuzendariaren agurra iragarri dutelako.
Joan-etorriak
Futbol jokalari eta entrenatzaile gisa aritu ondoren, kirol zuzendaritza lanetan urteak daramatza Olabek. Realean garai desberdinetan aritu da kirol zuzendari postuan. 2002 eta 2005 urteen artean izan zuen lehen esperientzia. Arabarrak fitxatu zuen Raynald Denoueix entrenatzaile frantziarra, eta ligako txapeldunordeak izan ziren 2002-2003ko denboraldian. 2005ean kargutik kendu zuten.
2016ean itzuli zen Realera futboleko zuzendari gisa aritzeko. Ordea, zortzi hilabete beranduago utzi zuen postua “arrazoi pertsonalengatik”. Azkenik, Realarekin bat egin zuen berriz ere 2018an, klubak Lorenzo Juarros kirol zuzendaria kaleratu ostean. Ordutik, kirol eta futbol zuzendari gisa aritu da.