Tabakalerak Donostiako txorien kantuak esploratzen dituen soinu instalazioa aurkeztu du
Tabakalerak, Scala programaren barruan, Simorgh izenburua duen soinu instalazio berria estreinatu du, pantea artista irandarraren eskutik. Espazio honetarako propio sortutako pieza honen izenburua, Simorgh, antzinako jakinduria eta ezagutza irudikatzen dituen Irango “Simurg hegazti mitikotik dator. Simurgen alegorian oinarritua –persieraz “sī murğ” ere deitua, “hogeita hamar txori” esan nahi duena– hausnarketa sakona egitera gonbidatzen gaitu ekologiaz, migrazioaz, eta gizakien eta ez-gizakien arteko hartu-eman interdependenteez.
Instalazioa Anna Ramosek komisariatu du –Radio Web MACBAko arduraduna eta soinu artearen alorrean aditua– eta soinuaren eta pentsamendu garaikidearen arteko lotura berriak ezartzea du helburu. Hala, Simorghek “entzute aktiboko” gune bat eskaini nahi du Tabakaleran, “ingurumenarekiko loturaz eta planetan elkar bizi diren ekosistemez –gizakienak ez diren horiez– galde egiteko topalekua izan dadin”.
Simorgh instalazioan, pantea artistak Tabakalera inguruko eta Donostiako hegaztien hotsak fusionatu ditu: landa grabazioetatik datozen soinuak dira, hegazti horiek migratzen duten tokietatik zuzenean transmitituak. Instalazioa egunez egun eboluzionatzeko diseinatu da, eta hartzen duen programazioak ingurunea imitatu, eraldatu eta berarekin elkarrizketa bat ezartzen du, “gizakiena ez den fikzio” moduko batean. Egun bakoitzean, hogeita hamar espezietatik, hegazti bat izango da soinu esperientziaren protagonista, entzunaldi bakoitza ekintza errepikaezin bihur dadin.
Estereo soinuen lau geruzaz (8 kanalez) osatutako pieza da, eta soinu-esperientzia inguratzailea sortzeko konbinatu dira. Geruza horietako bat zuzenean transmititzen da Locus Sonus-en bidez –2005ean Frantzian sortutako laborategia, soinu-artea ikertzen diharduena eta soinuan, zuzeneko entzutean eta soinuzko paisaian espezializatua–. Beste hiru geruzak hegaztien kantu espezifikoen grabazioak dira, iraupen desberdineko loopetan antolatuak, nahaste jarraitua eta aldakorra eskaintzeko asmoz. Obraren zati hau Cristina Enea Fundazioarekin lankidetzan garatu zen, inguruan dauden 30 hegazti espezie identifikatzea ahalbidetu zuen ikerketa baten bidez.
Soinu iturrien artean xeno-canto komunitatearen erregistroak ere badaude, Creative Commons lizentzien pean mundu osoko hegaztien kantuak biltzen eta partekatzen dituen online artxibo kolaboratibokoak. Hala, soinu horiek partekatzeko aukera ematen dute, baimenik eskatu eta ordaindu beharrik gabe. Audio geruza horiek guztiak konbinatzean, etengabe aldatzen den “elkarrizketa” bat birsortzen du lanak hegaztien presentzia dinamikoa islatzeko, arabazozo pikartena, arrano txikiena, eta flamenkoena, beste espezie askoren artean.
Artistaren biografia
pantea diziplina anitzetan diharduen artista irandarra da, ekologiarekin lotutako narratibetan eta soinu praktika kolaboratiboetan zeharo murgildua. Bere lana sozialki konprometitua da, eta lurralde komunen esplorazioan eta entzute aktiboaren ahalmenean zentratu da. Nazioarteko hainbat proiektutan parte hartu du, besteak beste nabarmentzekoak: Khamoosh –Irango soinu-ondarea zaintzera bideratua– eta Soundcamp –entzute aktiboa eta Acoustics Commons sustatzen diharduen ekimen kolaboratiboa, munduko hainbat lekutatik ingurumen-soinuak eta soinuzko paisaiak esploratu eta zuzenean emateko–. Azken proiektu honek baterako entzute-sare global bat sustatzea du helburu, non inguruneko soinuak –naturakoak, hirikoetakoak nahiz landakoak– jaso eta denbora errealean transmititu ahal diren, ingurunearekiko konexio sakona eta ingurumen-kontzientzia bultzatzeko.