Hiru Damatxoren 'Barraka' umorezko saioa Primeran plataforman jarriko dute
Primeran plataformak igande honetan estreinatuko du Hiru Damatxo ekoiztetxearen Barraka umorezko late night saioaren lehen atala. Iker Plazaolak aurkeztuko du saioa, eta hainbat kolaboratzaile izango ditu.
Egiako Gazteszena antzokian grabatu zituzten lehen bi atalak, azaroaren 6an. Lehen gonbidatua Antton Telleria izan zen, eta bigarrena, berriz, Olaia Inziarte. Hiru Damatxok azaldu duenez, late night honen bidez, publiko gaztearengana iritsi nahi dute, “ETBren ohiko publiko helduagoari begiratu gabe”.
Platoak ere late night saioen itxura izango du, eta gaur egun modan dagoen Espainiako telebista publikoko La Revuelta saioaren antza izango du. Hala ere, saio horrez gain, nazioarteko beste saio batzuk ere hartu dituzte erreferentzia gisa sortzaileek.
Plazaolak gidatutako saioa izango da, baina honakoak izango dira saioko hiru kolaboratzaile nagusiak: Maria Blanco, Danel Galdaera eta Julen Goldarazena Flako. Barrakaren lehen denboraldiak hamar atal izango ditu, eta igandetan zabalduko dituzte, Primeran plataforman.