EH Bildu: «Udal gobernuak ez du Sorleku parkea egiteko borondate politikorik»
Udaleko iturrien arabera, EAJk eta PSE-EEk 2025eko udal aurrekontuetan txertatuko dute parkea egiteko proiektua.
Gehiengoaren babesa duen arren, Sorleku parkearen proiektua bideratzeko arrakalak daude. EH Bilduk ohartarazi duenez, EAJren eta PSE-EEren udal gobernuak “ez du borondaterik” Sorleku parkea egiteko, eta, beraz, “Intxaurrondoko auzotarren nahia errespetatzeko”.
EH Bilduk 2025eko udal aurrekontuen proposamena aztertu zuen atzo Ogasun batzordean, eta Sorleku parkearen proiektuaren inguruan galdetu zuen. Zehazki, Mons-Sasiaingo jarduerak izeneko 400.000 euroko aurrekontu zatia Sorlekuri dagokio dela “egiaztatu” ahal izan zuten. “Ordea, Eneko Goiaren gobernuak onartu du proiektua ez dela gauzatuko udal gobernu berberak datorren urterako onartutako kopurua ez baita nahikoa”, adierazi dute.
600.000 euro
Sorleku parkearen afera argitze aldera, hedabide hau udalarekin harremanetan jarri da. Aurrez adierazi eta jaso moduan, udal gobernuak dio 2025eko udal aurrekontuetan Sorleku parkea Marrutxipin egiteko diru zatia “txertatuko” dutela —berez, ez du kopuru hori aurreikusten—. Are gehiago, udaleko iturrien arabera, 600.000 euro bideratzea aurreikusten dute; 400.000 euro udalak eta 200.000 Ekialdeko Barrutiak.
Horretarako, udalak bi tramite bete behar ditu. Batetik, 2025eko udal aurrekontuen proposamena onartu behar du, eta, bestetik, aurtengo udal aurrekontuak likidatu. Bi tramite horiek egitean, aipaturiko diru kopurua sartuko dute 2025ko aurrekontuetan Sorleku parkea Marrutxipin egiteko.