Elkartasun eguna ospatuko du Askek larunbatean
Egun osoko egitaraua prestatu dute Antiguako frontoian, jasotako isunari aurre egiteko. Herri kirolak, herri bazkaria eta kontzertuak izango dituzte pilotalekuan.
Larunbatean, elkartasun eguna ospatuko du Aske antolakundeak Antigua auzoko frontoian, jasotako 153.600 euroetako isunari aurre egiteko. Iazko abenduaren 30eko ekintza batetik dator isuna, eta 127 lagunei aplikatu zitzaien mozal legearen bitartez. Horren aurrean, askotariko jarduerak antolatu dituzte antolakundeko kideek elkartasunaren ekarpenen bitartez. Herri jolasak, jana-edana eta musika ez dira faltatuko.
Orain ia urtebete, abenduaren 30ean, Zaballako kartzelara egindako martxa baten bitartez, preso politikoei elkartasuna adierazi zieten 127 lagunek. Askeko kideek azaldu zutenez, martxak baimena zuen arren, Ertzaintza bildutako senide eta lagunen bidea oztopatzen saiatu zen, hainbatetan geldiarazita. Debekurari muzin eginda, baina, bertan bildutakoek aurrera egitea erabaki zuten.
Handik hilabete batzuetara iritsi zen erantzuna. Mozal legea baliatuta, 1.200 euroko isuna jarri zieten, 127 lagunei; 153.600 eurokoa, orotara. Askek argi du, horren guztiaren helburua “preso politikoekiko elkartasuna eten eta militantzia politikoa deuseztatzea” dela. Hori dela eta, ezinbestekotzat dute antolakuntza politikoa martxan jartzea. Hala, larunbatean parte hartzeko deia zabaldu du antolakundeak.
Egun osoko egitaraua
Goizeko hamaiketan, herri kirolak egingo dituzte, pilotalekuan bertan. Lau lagunez osatutako taldeetan, harri jasoketak, lokotxak, txingak eta trontza lehiaketa izango dituzte. Elastikoak izerditu ondoren, indarrak berritzeko aukera izango dute bertaratzen direnek, bazkaria izango baitute 14:30ean.
Arratsaldean berriz, musikaz gozatzeko aukera izango dute. Kontzertuak izango dituzte seietatik aurrera; Zinez, Borla, Sustrai Berriak, Rebel Noise eta Arima Zaurituak DJ-a izango dira oholtza gainean.