Ikasle feministek protokolo feminista baten lanketa abiatu dute
Azaroaren 25ean, mobilizazio bat egingo du Erraustu antolakundeko neska* ikasleek, EHUren Ibaetako campusean.
Datorren astelehena, hilaren 25a, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna izango da. Horren harira, Euskal Herriko ikasle feministek hainbat mobilizazio iragarri dituzte. Ibaetako EHUren campuseko Erraustu antolakundeko neska* ikasleek mobilizazio bat egingo dute ikasgelategiaren azpian, 11:00etan.
Ikasle feministek bat eginik, bideo bat plazaratu dute sareetan iragarpen bat egiteko: “Ikasle feministok anbizio handiko apustu baten lanketari hasiera ematearen alde berretsi gara. Protokolo feminista baten lanketa martxan jarri dugu. Horregatik azaroaren 25ean unibertsitateak hartuko ditugu protokoloen eraginkortasun eza salatzeko eta hezkuntza feminista aldarrikatzeko”.
Borroka Astea
Horrekin batera, Borroka Astea antolatu dute, hurrengo egunetan aurrera eramango dutena. Hilaren 26an, makarra tailerra egingo dute 13:30ean, eta 27an Erasotzaileek geletan jarraitzen dute, guk hezkuntza feminista! izeneko mahai ingurua egingo dute, 13:30ean ere. Bi jarduerak ikasgelategiaren azpian izango dira. Azkenik, hilaren 28an, poteo feminista antolatu dute. Antiguako Platero tabernatik abiatuko dira 19:30ean.