Egia Bizirik-ek asteroko mobilizazio dinamika bat abiatuko du Egiako anbulatorio aurrean
Etzi, hilak 27, osasun etxeko murrizketen kontrako elkarretaratzea egingo dute, 12:00etan.
Egiako anbulatorioan murrizketak areagotu direla salatu du Egia Bizirik auzo elkarteak. Hori dela eta, osasun publiko duinaren aldeko elkarretaratzeak egingo dituzte astero, auzoko osasun etxearen aurrean. Lehena etzi izango da, 12:00etan.
“Osasun publikoak auzoan bizi duen egoerak auzotar askoren kezka, ezinegona eta haserrea eragin du”, salatu du auzo elkarteak. Mobilizazio deialdiak jarraipena emango die dagoeneko martxan dauden hainbat egitasmoei. “Esate baterako, duela aste batzuetatik hona pediatra faltak kaltetutako auzoko familiek garatu dituzten egitasmoak; hala nola, erreklamazioak aurkeztea, bilkurak eta abar”, gaineratu dute.
Egiak Bizirikek duela zenbait aste anbulatorioak kexak aurkezteko deialdi publikoa eta informazio kanpaina aktibatu zituen: “Hainbat komunikazio euskarri erabiliz, auzotarrek eta osasungintzako langileek adierazitako gabezi nagusiak bildu genituen: pediatrarik eza, bajan dauden medikuak ez ordezkatzeak, erizainen falta —zortzi daude bederatzi behar direnean—, administrarien falta, medikuarekin hitzordua lortzeko zailtasunak… Horiek guztiak eragin nabarmena izaten ari dira erabiltzaileen arretaren kalitatean”.
Azken egunotan, hobekuntzaren bat egon dela dio auzo elkarteak, baina “egiturazko gabeziek” bere horretan jarraitzen dutela deitoratu dute: “Argi daukagun ezinbestekoa dela lehen arreta indartzea. Zentzu horretan, ezinbestekoa da bizilagun, erabiltzaile, langile, sindikatu, herri mugimendu eta auzoko elkartegintza aktibatzea. Baita elkarrekin ekitea ere”.
Mobilizazioez gain, datozen asteetan auzoan mahai informatiboak jarriko dituzte “informazio eta salaketa dinamikari jarraipena” emateko.