EITBk eta Tabakalerak 2025eko Audiogile Berriak aurkeztu dute
Euskarazko soinu fikzioa sustatzea da Tabakalera eta EITBren arteko Audiogile Berriak egitasmoaren helburua. Bigarren deialdia aurkeztu dute astearte honetan Maite Goñi EITBren Irrati eta Audio zuzendariak eta Edurne Ormazabal Tabakaleraren zuzendari nagusiak, Tabakaleran bertan. Bi-biek azpimarratu dute estreinako edizioaren arrakasta.
Hain zuzen ere, dagoeneko gauzatu den proiektu irabazlearen trailerra, Xabier Payaren De Rigor Mortis, entzuteko aukera ere izan da aurkezpenean. EITBPodkasten asteartean bertan estreinatu da lau ataleko soinu fikzio berria. Rafa Rueda soinu bandaren sortzailea ere egon da aurkezpenean, baita Harkaitz Cano ere, lehen edizioko proiektugileen tutorea.
Azaroaren 26tik urtarrilaren 10era bitartean izango da zabalik Audiogile Berrien bigarren deialdia. Aurrekoaren ildotik, aurkezten diren lan guztietatik fikziozko hiru audio-gidoi proiektu onenak (bideragarritasun eta kalitate aldetik) garatuko dira, eta gidoi bilakatu. Prozesu horretan nabarmendu behar da edizio honetan Jose A. Perez Lledoren eta Katixa Agirreren laguntza ere izango dutela, banakako tutoretzen bidez.
Horietako bat ekoitzi egingo du EITBk eta zabaldu. 2025eko maiatzaren amaieran emango du epaimahaiak erabaki horren berri. Aukeratutako proiektuak 30.000 euroko aurrekontua izango du ekoizpenerako.
Edurne Ormazabalek, Tabakalerako zuzendari nagusiak, “oso positibotzat” jo du Tabakalerako zinema eta ikus-entzunezko laborategiak euskarazko soinu-fikzioaren arloan egin duen lehen ekimena: “Deialdiari esker, hautatutako hiru proiektuei lagundu ahal izan zaie sorkuntza- eta ekoizpen-prozesu osoan”. Era berean, nabarmendu behar da tutorizazio prozesuaren baitan ondutako gidoien kalitateak ahalbidetu duela EITBk bigarren proiektu bat ekoiztea, Xabi Payaren De Rigor Mortis irabazleaz gain.
Maite Goñi EITBren Irrati eta Audio zuzendariak “Tabakalerarekin dugun lankidetza sendoa eta euskarazko soinu fikzioan emandako urratsak” azpimarratu ditu. Bide horretatik tinko jarraituko duela erantsi du Goñik eta aurten EITBk zortzi soinu fikzio ekoitzi izana nabarmendu du. Halaber, balioa eman nahi izan dio Audiogile Berrien ekimenak zikloaren prozesu osoa garatzen ikusteko aukera eman duela, “eta, hain zuzen ere, gaurkoan emaitzaren zatia entzun ahal” izana.