Astebururako plan bila?
Ate joka dugu asteburua eta zu oraindik planik gabe? Lasai, kultur eta aisialdi eskaintza zabala aurkituko duzu Donostian, eta, jarraian, egun bakoitzerako proposamen bat egingo dizugu. Horrez gain, ez ahaztu Euskararen Eguna ate joka dugula, eta hirian zein auzo gehienetan askotariko jarduerak antolatu dituztela horren harira.
Ostiralerako (hilak 29), La ama filma ikustera joatea proposatzen dizuegu. Tabakaleran proiektatuko dute, 19:00etan, Euskal Emakume Zinemagileak zikloaren barruan. Arantza Ibarrak eta Luisje Moyanok 2016an ondutako filma da, eta Ibarrak berak egingo du aurkezpena. Sarrerak hemen daude salgai.
Larunbatean (hilak 30), euskal antzerkiaz disfrutatzeko parada duzue Donostian, Antiguako Lugaritz Kultur Etxean, zehazki. Hain zuzen ere, Ai gure juaneteak ikuskizuna taularatu du Tartean Teatroa konpainiak 19:30ean, Patxo Telleria zuzendari eta aktorearen azken lana, Mikel Laboaren musika eta antzerkia uztartzen dituena. Sarrerak hemen dituzue eskuragarri.
Azkenik, iganderako (abenduak 1), Casino Kursaaleko gospel zikloko azken kontzertua gomendatuko dizuegu: The Lord taldearena. Noa Egiguren abeslari donostiarra da taldeko burua, gospel doinuak maisuki menderatzen dituena. Sarrerak hemen daude salgai.
Bonus track: Euskararen Eguneko bueltako jardueren barruan, Barrexerka taldeak Nahastumbury umorezko ikuskizuna eskainiko du asteartean (abenduak 3) Antzoki Zaharrean; sarrerak hemen daude salgai.