Proteas Voulasi irabazita, hurrengo fasera begira jarri da Ibaeta Basket
Europako Kopako multzoen fasea bikain bukatu du Ibaeta Basketek, Proteas Voulas garaituta: 85-43. Horrela, bere multzoko lehenengo postuan amaitu dute donostiarrek fasea, partidarik galdu gabe, eta hurrengo fasera begira daude dagoeneko. Nabarmentzekoa da, halaber, Nora Rubiak debuta egin zuela Europan, 17 urterekin.
20-8ko partzialarekin itxi zuten lehenengo laurdena, eta, beraz, hasieratik zaila zirudien talde greziarrak donostiarrari aurre egitea. Azu Muguruzaren taldeak aurretik jarraitu zuen neurketa osoan zehar, norgehiagoka aise irabazteko.
Europan ilusioz beterik dabil Ibaeta Basket, eta ligan ere aurrerapausoak eman nahi dituzte; hurrengo zita asteburu honetan dute, Zaragozaren etxean.