Txomiñeneko euskaltzaleek euskarafobia ikusaraziko dute
Lanberri auzo elkartearen babesarekin, Behin Batean elkarteak indarkeria linguistikoa erdigunera eraman nahi du euskararen egunean.
Umiliazioak, ukazioak, errudun sentiaraztea edo bazterkeria ez daude debekuetatik eta isunetatik hain urrun. Hala irudikatu du Behin Batean Txomiñeneko euskaltzaleek elkarteak zabaldutako infografiaren bitartez. Elkartearen posta elektronikoan, hilabete daramate eraso euskarafoboen berri izaten; hori dela eta, afera lehen lerrora ekarri nahi izan dute Euskararen Egunean. Asteartean, hilak 3, ekimena egingo dute auzoan zehar, Arteleku plazatik 18:30ean abiatuta.
“Jakitun gara Euskal Herri osoko euskara talde eta elkarteek Euskararen Egunerako egiten duten proposamenetik aldendu garela, baina gure xumean, auzoan euskaldunak aktibatu eta bizi ditugun eraso eta mikro erasoak identifikatzen lagundu dezakeen proposamen bat egiten saiatu gara”, adierazi dute elkarteko kideek zabaldutako oharrean. Horiek horrela, euskaltzaleei dei egin diete euskaraz bizitzen saiatzeagatik jasan izan dituzten zapalkuntza esperientziak partekatzen jarraitzeko. Horretarako, behinbatean@txominenea helbide elektronikoa jarri dute eskuragarri.