Ajaxeko zaleek hiria zeharkatu dute, aparteko istilurik eragin gabe
Realaren Europako beste partida batzuetan gertatutakoa dela eta, ostegun iluntzean Ajaxeko ultrekin gertatu zitekeenaren zain zeuden herritar asko. Hala ere, oraingoan, ez da aparteko istilurik gertatu, Realaren eta Ajaxen arteko neurketaren harira hiriaren zati handi bat geldiaraztetik harago. Nabarmendu behar da, era berean, Herbehereetako taldeko zale ugari giro onean ibili zirela arratsaldean hiriko kaleetatik, realzaleekin batera.
2.000 bat zale etorri ziren Donostiara, horietatik, 150 ultrak ziren eta 50 bat sarrerarik gabe etorri ziren. Hori dela eta, udalak, Realak eta Ertzaintzak segurtasun neurri bereziak hartu zituzten, ohiko legez. Oraingoan, Anderlechten aurkako partidan ez bezala, ez zuten eskolarik behar baino lehenago itxi, baina zirkulazio mozketak egin zituzten 18:00etatik aurrera.
Horrek, noski, eragozpenak sortzen ditu donostiarrengan, bereziki, Amara Berriko bizilagunengan. Horregatik, Amara Berriko eragile ugarik udalari eta Realari eskatu diote gaiaz arduratzeko. Bestalde, Realak Ajaxi sarrerarik ez saltzeko asmoa agertu zuen, Anderlechten aurkako norgehiagokan gertatutakoagatik —bost ultra atxilotu zituzten—, baina UEFAk atzera egitera behartu zuen klub txuri-urdina.
Atzokoan, Alderdi Ederretik eraman beharrean, Ertzaintzak Kursaaletik eraman zituen Ajaxeko zaleak Anoetaraino. Hala ere, Berria-k jaso duenez, Ajaxeko zale batzuek entzungor egin zioten Ertzaintzaren aholkuari eta ez ziren Kursaalera bertaratu; beraz, batzuk hiritik sakabanatuta ibili ziren, Ertzaintzaren operazioa zailduz. Era berean, hedabide berak argitaratutako informazioaren arabera, Federico Garcia Lorca kalean, Ertzaintzak oldarraldi bat egin zuen 300 zale ingururen kontra. Ertzaintzaren arabera, makila batzuk atxiki zizkieten.
Palestinako banderak
Neurketaren bezperan, Ajaxeko ultra batzuk Donostiako kaleetatik Palestinako banderak kentzen aritu ziren, baita taberna batzuetan istilu bila ibili ere. Hori gogor salatu du, besteak beste, Donostia Palestina plataformak, eta iragarri du kendu duten Palestinako bakoitzeko, bi jarriko dituela hiriko kaleetan.
Jarraian, Ajaxeko zaleek Kursaaletik Anoetara Ertzaintzak inguratuta egin zuten ibilbidea argazkietan ikus dezakezue, Linas Korta argazkilariaren eskutik: