«Donostiako Udalak konpromiso irmoa du partaidetzarekin»
Bi legealdi daramatza udal gobernuan Mariaje Idoeta Madariaga (Eibar, 1968) jeltzaleak. Eneko Goia alkateak 2019an izendatu zuen Auzoetako zinegotzi, eta iaz berretsi zuen kargu horretan.
Donostiako Udalak herritarren partaidetza lantzeko zer baliabide erabiltzen ditu?
Herritarren partaidetzarako hainbat egitasmo, bide eta espazio ditugu ezarrita, erantzunkidetasun komunitarioa oinarri dituen gobernantza bat udalerri osoan zabaltzeko asmoz. Udal gobernua benetan konprometitua dago helburu horrekin.
Partaidetzaren arloan, batetik, hiriak udal dinamikan partaidetza garatzeko zenbait lan lerro eta organo ditugu (kontseiluak, diru laguntzak, elkarteentzako lokalak, aurrekontu parte hartzaileak…), eta, bestetik, udal sail ezberdinen eskariz eta beharren arabera, tokian tokiko edo gai zehatzen inguruko partaidetza prozesuak aktibatzen dira.
Azken bi legealdiotan egindako partaidetza prozesuetatik zeintzuk nabarmenduko zenituzke?
Udalak prozesu ugari egin ditu, baina mugarri bat jartzeagatik azken bi urteei erreparatzen badiegu, hainbat adibide ditugu. Araubide edo ordenantza proposamenekin harremana duen partaidetzari dagokionez, adibidez, 2023an bost Kontsulta Publiko egin ziren. Hiru kasutan, indarrean zeuden ordenantzak aldatzeko proposamenak (zirkulazioari, etxebizitza erabilerei eta autokarabanei buruzkoak) eta, beste bi kasuetan, udal araubide berriak sortzeko proposamenak izan ziren (adinekoentzako eta lehen mailako mendekotasuna duten pertsonentzako ostatu zerbitzuak arautzeko eta Isuri Gutxiko Eremua arautzeko).
Bestalde, gobernu batzordeak araubide edo ordenantza proposamen bat edo modifikazio bat onartu ondoren, tramitazioaren baitan, herritarrei irekitako bilerak egin behar dira. 2023an, bi bilera ireki egin ziren hiri antolamendurako plan orokorra aldatzeko proposamenaren inguruan. 2024. urtean, berriz, Igeldoko Toki Entitate Txikia sortzeko pauso berriak eman ziren, besteak beste.
Azken urteotan martxan jarritako prozesuen artean, nabarmentzekoak izan daitezke Isuri Gutxiko Eremuari buruz egindako prozesua, 2024-2025 urteetarako aurrekontu parte hartzaileen prozesua, HAPOaren aurrerakina eta Martutene pasealekuaren inguruari buruzko prozesua, besteak beste.
Azken bi legealdiotan udalak egin dituen partaidetza prozesuen artean daude lau hauek: Amara Berriko EPAH!, Bidebieta parkea, Añorgako Geltokia hirigintza proiektua eta Sorleku parkea. Bakoitzaren balorazioa egin dezakezu?
Amara Berriko espazio publikoaren prozesua orokorra izan zen, eta Bidebieta parkearena gune zehatz baten inguruan izan zen lanketa. Bietan, auzoko eragileek eta adineko zein haur eta nerabeek hartu zuten parte, asko inplikatu ziren, eta hori oso aberasgarria izan da proiektuentzat. Añorgako Geltokia hirigintza proiektuaren eta Sorleku parkearen partaidetza prozesuek ere oso erantzun positiboa izan zuten. Bietan, aurrekoen antzeko prozesuak landu ziren, auzotarren aldeko inplikazio handiarekin.
Sorlekuri dagokionez, urriko udalbatzarrean adierazi zenuen aurrera eramango duzuela. Ordea, oposizioak jakinarazi du udalak aurreikusitako dirurik ez duela egin ahal izateko. Beraz, zertan da parke horren etorkizuna?
Nabarmendu moduan, urriko udalbatzarrean argi utzi genuen Sorleku parkearen proiektuak aurrera jarraitzen duela. 2024ko udal aurrekontuetan 400.000 euroko sail bat dago, eta Ekialdeko Barrutiak beste 200.000 euro gordeta ditu Sorleku parkea egiteko; guztira, 600.000 euro.
Añorga Txikiko eragile eta herritarrek gogor kritikatu dute Añorgako Geltokia proiektuaren partaidetza prozesua. Zer duzu esateko?
Añorga Txikin etxebizitza berriak garatzea aurreikusten da (babes sozialekoak, babestu tasatuak eta libreak), auzoarentzako ekipamendu berriak, bizilagunentzako elkargune berriak, mugikortasunari lotutako hobekuntzak, mugikortasun bertikalerako igogailu berri bat eta beste hainbat hobekuntza. Partaidetzari dagokionez, egingo den proiektua osatzeko prozesua egin da auzotarrekin. Prozesu horretan eragileekin eta adin desberdinetako auzotarrekin tailerrak, auzo mahaiak, bilerak eta beste lanketa prozesu desberdin batzuk egin dira, eta bizilagunekin harreman estuan gaude oraindik ere. Prozesu horretan, ekarpen desberdinak atera dira eta denak aztertu eta landu dira.
«Egiten diren prozesu guztietan, herritarren proposamenak kontuan hartzen dira eta lantzen dira»
Hiri antolamendurako plan orokorra (HAPO) berrikusteko partaidetza prozesua ere aipatu behar da. Une honetan martxan dago, eta dagoeneko hainbat bilera egin dira. Parte hartze fase honetan zein helburu bete nahi ditu udalak?
Partaidetza prozesu guztien helburua da herritarren parte hartzea sustatzea, eta proiektuak aberasten dituzten proposamenak jasotzea eta lantzea.
Herritar ugari elkartu da orain arteko bileretan. Proposamenak ere eraman dituzte eragileek eta herritarrek. Horiek zenbateraino hartuko ditu kontuan udalak?
Egiten diren prozesu guztietan, herritarren proposamenak kontuan hartzen dira eta lantzen dira. Batzuetan, proiektuetara gehitzea posible da eta beste batzuetan ez, teknikoki ez direlako posible, beste proposamen batzuekin kontraesankorrak direlako eta abar.
HAPOaren partaidetza prozesuak askorako ez duela balio ere adierazi dute auzo elkarte eta eragile batzuek. Zure ustez, zertarako balioko du?
Udalak konpromiso irmoa du partaidetzarekin. Esan moduan, prozesu guztietan, herritarren proposamenak kontuan hartzen dira eta lantzen dira.
Aurrera begira, udalak aurreikusita duen beste partaidetza prozesurik aurreratu zenezake?
Momentu honetan, aipatutako HAPOaren aurrerakinari buruzko prozesua eta Ongi Etorri Martutenera harrera plan komunitarioaren diseinuarentzako prozesua daude martxan. Datorren urtera begira, 2026-2027 urteetarako aurrekontu parte hartzaileen prozesua egingo da, eta beste prozesu batzuen planifikazio lanetan ari gara. Hala nola, Amara Berriko Olaeta eta Armeria plazak berriz urbanizatzeko prozesuak eta Erdialdeko Zaragoza plazaren inguruko prozesua. Gainera, Ekialdeko Barrutirako hainbat lan lerro identifikatu dira: Altzako Udaletxearen etorkizunaren inguruko parte hartze prozesua eta Larratxon bidegorria egiteko parte hartze prozesua, besteak beste.