Garaipen boladari jarraipena eman nahi dio Ibaeta Basketek
Lau partida jarraian irabazi ditu Ibaeta Basketek, Europakoak eta ligakoak aintzat hartuta. Bolada onean dira Azu Muguruzaren neskak, eta horri jarraipena ematea dute helburu. Horretarako, Zaragozaren pistan irabazi beharko dute etzi, 12:15ean. Erritmoa hartuta eta jokalarien dinamika finduta, donostiarrak neurketa onak jokatzen ari dira. Europan dena irabazita, ligan gorantz egiten segitu nahi dute. Aldiz, Gipuzkoa Basket sasoi puntua harrapatu ezinda dabil. Neurketa asko galdu dituzte denboraldi hasieran, eta erregulartasuna lortzeko garaipenak behar dituzte. Valladoliden jokatuko dute bihar, 18:00etan, eta irabazteak behar duen hauspoa emango lioke taldeari.
Futbolean, Realak Europa ligako sentsazio gozoari leku berean, Anoetan, jarraipena eman nahi dio. Betis hartuko dute etxean, etzi, ligako 15. jardunaldian (21:00). Berriz ere igande gauez aritu beharko dira txuri-urdinak, eta zaleak nekatzen hasiak dira neurketa egunekin eta ordutegiekin. Horrela ere, Realak jokatu egin beharko du, eta, aukeran, irabazi. San Mameseko derbiak utzitako gorputz txarrari erabat buelta emateko, Europakoa ez ezik, ligakoa ere irabazi behar dute.
Belar hockeyan, Realak liderra irabazi izana akuilu aparta izango da aurrerantzean. Sanse Complutenseren zelaian ariko dira etzi, eta ederra litzateke beste garaipen bat lortzea (21:00). Izotz hockeyan, berriz, Txuri Urdineko neskek lidergoko berdinketa hirukoitza hautsi nahi dute. Jacaren izotz pistan ariko dira etzi, eta aukera paregabea dute helburua lortzeko (14:30). Erregulartasuna eta golak egiteko erraztasuna berreskuratu behar dituzte. Mutilek nahiko lan dute irabazten hastearekin. Jaca hartuko dute bihar Anoteako izotz pistan (21:00), eta ezustekoa litzateke irabaztea.
PARTIDAK
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 9. jardunaldia
- Zaragoza – Ibaeta Basket (etzi, igandea, 12:15)
Gizonezkoen bigarren maila, 9. jardunaldia
- Valladolid – Gipuzkoa Basket (bihar, larunbata, 18:00)
Futbola
Gizonezkoen liga, 15. jardunaldia
- Reala – Betis (etzi, igandea, 21:00)
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 11. jardunaldia
- Sanse Complutense – Reala (etzi, igandea, 12:30)
Izotz hockeya
Gizonezkoen liga, 10. jardunaldia
- Txuri Urdin – Jaca (bihar, larunbata, 21:00)
Emakumezkoen liga, 10. jardunaldia
- Jaca – Txuri Urdin (etzi, igandea, 14:30)