IRUTXULOKO HITZAk arrazakeriaren, klase borrokaren eta hedabideen paperaren inguruko jardunaldian parte hartuko du
Hordago – El Salto hedabideak ¿Qué pinta el periodismo? Medios, odio racial y lucha de clases jardunaldia antolatu du hurrengo astelehenerako (hilak 9), Leioan, EHUko Komunikazio eta Gizarte Zientzien Fakultatean, eta IRUTXULOKO HITZAko Xalba Ramirez Cruz kazetariak parte hartuko du. Hordago-k EHUko Bitartez ikerketa taldearekin batera antolatu du egitasmoa.
Hedabideek arrazakeriaren, klasismoaren, aporofobiaren eta interes errentisten sustapenean jokatzen duten paperaren inguruan hitz egitea eta hausnartzea da jardunaldiaren xedea, eta hainbat aditu egongo dira oholtza gainean. Hain zuzen ere, 10:00etan egingo duten El papel del periodismo en la construcción del enemigo racializado mahai inguruko hizlarietako bat izango da hedabide honetako kazetaria Lucia Mbomio (TVE), Hibai Arbide (kazetari autonomoa) eta Miriam Najibi (Hordago) kazetariekin batera.
Aurretik, 09:30ean, Ana Irene del Vallek (GKZ Fakultateko Dekanoa), David Hoyosek (EHUguneko zuzendaria) eta Maria Ruiz Arangurenek (Bitartez ikerketa taldeko kidea) irekiko dute jardunaldia. Aipaturiko mahai inguruaren ostean, atsedenaldia egingo dute, eta, jarraian, 12:30ean, Conflicto por el derecho a la vivienda y alarmismo clasista en los media solasaldia egingo dute, Gonzalo Sanchez (Levante-EMV), Susana Albarran (El Salto) eta Miguel Virizuela (Hordago) kazetariekin. Eguna amaitzeko, 19:00etan, Soulèvements de la Terre contra el avance del asfalto dokumentala proiektatuko dute, baita ondoren horren inguruko solasaldia egin ere, Zirika Gunean (Bilboko Erronda kalea, 12), Mar Salarekin (El Salto TV) eta Sukar Horiarekin.