8.667 kultura bonu banatuko ditu Gipuzkoako Aldundiak
Gipuzkoako Foru Aldundiak kultura bonuen kanpaina abiatu du, “kultur kontsumoa sustatzeko, tokiko merkataritzari laguntzeko eta gipuzkoarren artean kulturaz gozatzea sustatzeko”. Bihartik aurrera, 8.667 kultura bonu banatuko dituzte; 2.666 bonu euskarazko produktuetarako eta 6.001 beste hizkuntzetako produktuetarako. Gipuzkoako 71 establezimendutan eskuratu ahal izango dira. Donostian, berriz, 23 saltokitan.
Kultura bonuen aurkezpena Donosti liburu dendan egin dute gaur goizean, eta Goizane Alvarez Kultura diputatuak, Adolfo Lopez Chocarro Gipuzkoako Liburu Saltzaileen Elkarteko presidenteak eta Julia Otxoa idazle eta Gaztelaniazko Euskadi Literatura Sariaren irabazleak parte hartu dute. “Pizgarri txiki honek urtean zehar kulturaz etengabe gozatzen hasteko eta, gainera, gure herri eta hirietako kultura-merkataritza indartzeko balio izatea nahi dugu”, adierazi du Alvarezek. Kanpainak 80.000 euroko inbertsioa izango du, “kultur produktu ugari eskaintzen dituzten liburu-denda eta establezimenduen sarearekiko konpromisoa berretsiz”.
Urtarrilaren 31ra bitarte
Kultura bonuak abenduaren 5tik 2025eko urtarrilaren 31ra eskuratu ahal izango dira. Deskontuei dagokienez, 20 eurotik gorako erosketa eginda, 12 eurokoa izango da hobaria euskarazko produktuetan. Aldiz, 8 eurokoa izango da deskontua beste hizkuntzetako produktuetan.