Kalera atera dute Txomiñeneko euskaldunen zapalkuntza
Dozenaka kartelen bitartez, Txomineko euskaldunek pairatzen dituzten eraso euskarafoboak ikusarazi dituzte auzoko zutabeetan.
Euskararen Nazioarteko Egunak izan ohi duen festa girotik harago, bestelako ekarpen bat egin nahi izan du Behin Batean Txominenean elkarteak. Auzoko euskaltzaleek aldarrikapen eguna izan zuten atzokoa, eta euskarak jasaten duen indarkeria linguistikoa ekarri zuten lehen lerrora. Horretarako, aurretiaz bildutako zapalkuntza testigantzak 220 karteletan islatu zituzten, bai eta auzoko zutabe guztietan itsatsi ere, euskaraz hitz egiteagatik erasoak jasaten dituztela aldarrikatzeko.
Dozena lagun inguru elkartu ziren atzo, iluntzean, kartel andanaren bitartez, salaketa masibo bat egiteko. Askotarikoak dira eskegitako mezuak, askotariko garaiak islatzen baitira horietan. Ordea, egun ere eraso mordoa direla erakusten dute horietako askok: auzoko osasun etxean, taberna batean edo auzokideen erkidegoan ez dago aukerarik euskaraz aritzeko. Batzuetan, ez dago euskarazko arretarik bermatuta, edo euskara baztertu egiten da, gehiengoaren mesedeen alde. Besteetan, berriz, euskara zuzen-zuenean seinalatu eta zapaltzen dute: “Ya estamos con el puto euskera. Tabernako arduraduna zen. Ez naiz itzuli”.
Behin Batean Txominenean euskaltzaleen elkarteak adierazi duenez, egitasmoaren bitartez, kontzientziak astintzea bilatzen dute, edo, beste modu batera esanda, euskaldunek jasaten dituzten zapalkuntzak normalizatzeari uztea: “Hain ohituta gaude horrelakoak gertatzea, ez ditugula ezta eraso gisa bizi”, azaldu du kide batek. Bada, kontzientziak astindu bitartean, ekimenak deseroso jarri ditu auzokide bat baino gehiago, gaur goizerako kartel batzuk kenduta zeuden eta.