Osasungintza publikoaren aldeko argazkia egingo dute Plaza Haundin, abenduaren 20an
Egia Bizirik auzo elkarteak, bigarren astez jarraian, elkarretaratzea egin zuen atzo Egiako anbulatorioaren aurrean.
Murrizketen kontra eta lehen arreta indartzearen alde daude Egiako bizilagunak. Bigarren astez, Egiako anbulatorioaren aurrean 60 bat auzotar elkartu ziren atzo, Egia Bizirik auzo elkarteak antolaturiko mobilizazioan. Auzoan kalitatezko osasungintza publikoa behar dutela aldarrikatu zuten, beste behin ere. DOPA (Donostialdea Osasun Publikoaren Alde) plataformak ere parte hartu zuen.
Auzo elkarteak nabarmendu duenez, atzoko elkarretaratzean auzoko hainbat gurasok parte hartu zuten. Pediatren kasuan ematen ari diren “murrizketak eta gabeziak” salatu zituzten. Hirugarren protesta hilaren 11an egingo dute, 12:00etan, anbulatorioaren aurrean.
Horrez gain, asteroko elkarretaratzeez gain beste bi egitasmo abian jarriko dituztela iragarri zuen auzo elkarteak. Batetik, osasungintza publikoaren aldeko argazkia aterako dute Plaza Haundin, abenduaren 30an. Auzotarrei parte hartzera deitu diete. Bestetik, eragile guztiekin elkarrizketak egiteko asmoa agertu dute, auzoko osasungintza publikoari buruz hitz egiteko. “Helburua oinarrizko irakurketa konpartitu bat egitea da, egoeraren inguruan zein proposamenetan, eta datozen jardueren inguruko atxikimendua gorpuztea”, azaldu dute.