Ekialdeko saltokien Gabonetako bonuen kanpaina abiatu dute
15 euroko erosketa bonuak jarri dituzte salgai. Kontsumitzaileak 10 euro ordaindu behar ditu, eta gainerako 5 euroak Donostia Sustapenak jarriko ditu.
Donostiako Udaleko Ekonomia Sailak, Donostia Sustapenaren bitartez, Erosi Gabonak kanpainaren bosgarren edizioa jarri du abian, ekialdeko auzoetako saltokietan Gabonetako erosketak dinamizatzeko helburuarekin. San Sebastian Shops-ek kudeatzen du gaur hasi den kanpaina, eta urtarrilaren 5ean bukatuko da.
15 euroko erosketa bonuak jarri dituzte salgai. Kontsumitzaileak 10 euro ordaindu behar ditu, eta gainerako 5 euroak Donostia Sustapenak jarriko ditu. Hortaz, hobaria % 33,33koa da. Bonuak Ekialdeko Barrutiko saltokietan (Altza, Intxaurrondo, Larratxo, Mirakruz-Bidebieta, Herrera, Egia, Loiola, Txomin eta Martutene) erosketak egiten dituzten kontsumitzaileentzat izango dira. Edizio honetan gainera, Ekinn Dendak ekintzailetzaprograman parte hartzen ari diren saltokiak ere sartu dira kanpainaren barruan.
Guztira 5.000 bonu banatuko dira kanpainarekin bat egin duten 90 saltoki baino gehiagoren artean. Saltokiak berak eskainiko dizkie bonuak bezeroei. Bezero bakoitzak bi bonu erabili ahal izango ditu establezimendu bakoitzeko. Parte hartzen duten saltoki guztiek kartel bereizgarri bat izango dute, eta San Sebastian Shops-en webgunean izena eman duten saltokien zerrenda aurkitu daiteke.