Dena prest dago Illunbeko finalerako
IRUTXULOKO HITZAk finalaren jarraipen berezia egingo du, eta bertso porran parte hartzeko aukera zabalik dago.
Larunbatean, hilaren 14an, Gipuzkoako Bertsolaritza Txapelketako finala jokatuko da Illunben, 17:00etan. Horren harira, prentsaurrekoa egin dute gaur zortzi finalistek Illunben bertan: Alaia Martin Etxebeste, Andoni Rekondo Izagirre, Ane Labaka Mayoz, Aner Peritz Manterola Euzkitze, Beñat Gaztelumendi Arandia, Eneritz Artetxe Eizagirre, Nerea Elustondo Plazaola eta Oihana Iguaran Barandiaran. Ane Ezenarro Beristain Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako gai jartzaileen ordezkaria ere agerraldian egon da, bera izango baita txapelduna iragartzearen arduraduna.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa hasi zela lau hilabete beteko dira larunbatean, baina, Bertsozale elkarteak azaldu duenez, urte osoko jardunaren ondotik helduko da finala, eta gogotsu agertu dira bertako protagonistak.
Donostiak ordezkari bakarra izango du finalean, eta irabazteko faboritoen artean dago: Beñat Gaztelumendi añorgatarra. Bi aldiz izan da Gipuzkoako txapeldun, 2015ean eta 2019an, eta hiru aldiz Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalista: 2013an, 2017an eta 2022an.
Parte hartzaileak
Zortzi bertsolariak izango dira larunbateko protagonista nagusiak, baina beste hainbat pertsonek ere parte hartuko dute. Alde batetik, Ane Ezenarro Beristain eta Iker Iriarte Iribar arituko dira finala aurkezten eta gaiak ematen. Bestetik, epaile hauek egongo dira epaimahaian: Bakarne Urreaga Etxeberria, Eneritz Azkue Basurko, Iñigo Legorburu Arregi, Karlos Ibarguren Olalde, Leire Beloki Lizarralde eta Oihana Aranguren Etxaniz. Azkenik, idazkaria Aratz Irazustabarrena Garmendia izango da.
Bestalde, Arantzazu Loidi Garitano izango da Gipuzkoako txapeldunari txapela janztearen arduraduna. Almen bertso eskolaren izenean, “bertako ikasle, bere belaunaldiko lehen emakume bertsolari eta bertsoaren zirrikitu ugaritan ibilitakoa da Loidi”, Bertsozalek nabarmendu duenez. Horrez gain, irakasle izan zuen Patxi Goikolea Zabala izango da 25 urtez azpiko bertsolari onenari saria emango diona. Era berean, Gipuzkoako bertso eskoletako ordezkariek emango dituzte gainontzeko sariak ere.
IRUTXULOKO HITZAren jarraipena
Final-laurdenetatik hona, Andoitz Urdapilleta bertsolaria IRUTXULOKO HITZArekin elkarlanean aritu da, saio guztietako kronikak idatziz eta webgune honetan. Finala ere begiradatik kontatuko du hedabide honek, baina ez soilik. Izan ere, jarraipen berezia egingo dugu saioan bertan, eta finaleko argazki bilduma ere ikusgai izango duzue gure webgunean eta sare sozialetan. Bestalde, motorrak berotzen joateko, finalerako antolatu dugun porran parte hartu dezakezue.