Bi bisita gidatu antolatu ditu udalak Artikutza ezagutzeko
Hil honetan, bi data jarri ditu Donostiako udalak Artikutzako txokoak ezagutzeko: abenduaren 15ean eta 22an egingo dituzte bisitak.
Urtean zehar egiten den moduan, Artikutzarako bisita gidatuek ere jarraipena izango dute Abenduan ere. Artikutza Natura programaren barruan dauden jarduera horiek parajeak ezagutarazi eta inguruak eskaintzen duen aberastasunaz jabetzeko helburuarekin sortu dira. mendi ibilbideak izan arren, ez dute zailtasun handirik eta haur zein helduentzako daude bideratuta.
Igande honetan, hilak 15, Eskas, Elutsa eta Erroiarri bisitatzeko aukera egongo da. Eskasetik abiatzen den ibilbide zirkular horren bitartez, Burnaiztegi pasatu eta Bidango Zabaleko harrespilak eta historiaurreko askotariko aztarnak ikusteko aukera egongo da. Horren ostean, Elizmendiko bide nagusitik behera, Erroiarri ur jauziaz gozatzeko aukera egongo da.
Hilaren 22an, berriz, Artikutza auzoa eta Ugaldeko presa ezagutzeko parada izango dute bertaratzen direnek. Ibaiaren ibilguari jarraiki, Donostia urez hornitzen zuen kanalaren gainean ibiltzeko aukera egongo da, eta funtzio horrekin lotutako hainbat azpiegitura ezagutu ahal izango dira.
Udaletik jakinarazi dutenez, bisitaldi gidatuentzako izena eman beharko da, bisita egunaren aurreko ostirala baino lehen. Internet bidezko izen emateaz gain, artikutzanatura@donostia.eus helbide elektronikoan edo 679 61 30 16 telefonoan egin ahal izango da erreserba eskaera (astelehenetik ostegunera, 11:00tik 16:00ra). Tarifei dagokionez, 2,09 euro ordaindu beharko dute pertsonako 6-16 urte bitartekoek. 16 urtetik gorakoek, berriz, 3,14 euro pertsonako.