Mikel Salegi omenduko dute larunbatean
Guardia Zibilak Mikel Salegi gaztea tirokatuta hil zuenetik 50 urte beteko dira. Haren historia liburu batean jaso du Javier Buces Aranzadiko historialariak.
Hilaren 18an, 50 urte beteko dira Guardia Zibilak Mikel Salegi Urbieta 21 urteko gazte donostiarra tirokatuta hil zuenetik, Errekalden, errepide kontrol batean. Urteurrenaren bueltan, Salegiren senideen ekimenez, haren historia jaso du Javier Buces Cabello Aranzadi Zientzia Elkarteko historialariak, Mikel Salegi. Oroitzapenetik oroimenera liburuan. Hain zuzen ere, liburua aurkeztuko dute larunbatean (hilak 14) Kursaalean, 18:00etan, eta Salegi omentzeko baliatuko dute zita, senide eta lagunen parte hartzearekin. Sarrera librea izango da.
1974ko abenduaren 18an, Aginagan lankide batzuekin afaltzetik zetorren Salegi. Gau iluna zen, eta Salegiren autoko gidariak ez zuen ikusi Guardia Zibilak Errekalden jarritako kontrola, ez baitzegoen behar bezala seinaleztatuta. Horrela, guardia zibilek hainbat aldetatik tirokatu zuten autoa, eta Salegik 18 tiro jaso zituen.
Lagunek ospitalera eraman zuten, bidean beste kontrol batean gelditu bazituzten ere, baina zendu egin zen gaztea. Handik bi egunera, hiletan, poliziek, falangistek eta Kristo Erregearen Gerrillariek gogor jipoitu zituzten bertaratutako guztiak, baita asko atxilotu eta torturatu ere.
50 urteotan, senideek ez diote egiaren, justiziaren eta errekonozimenduaren alde borrokatzeari utzi, baina ez dute halakorik inoiz jaso. Orain, behintzat, Salegiren historia behar bezala jasota gelditu da, aipaturiko liburuan. Hedabide honek luze eta zabal hitz egin du gaztearen arreba Itziar Salegirekin eta Bucesekin, eta elkarrizketa osoa ostiralean izango duzue irakurgai.