Gabonetako 350 jarduera egingo dituzte auzoetan
Donostiako Udalak Gabonak Zuretzat programaren xehetasunak aurkeztu ditu. 350 jarduera baino gehiago antolatu dituzte hiriko hamazazpi auzotan, hilaren 14tik urtarrilaren 5era bitartean. Egitaraua bi liburuxkatan jaso dute, eta sarean ere ikus daiteke adin tarteen arabera banatuta: bata, haurrentzako (0-11 urte) eta familientzako jardueretarako, eta, bestea, gazteentzako (12-30 urte).
Programaren bidez, haurrek, aisialdia modu dibertigarrian betetzea eta ohitura onak hartu ahal izatea lortu nahi dute, eta, batez ere, beste modu batez gozatzea. Helburua hiriko auzoetan aisialdi ez-kontsumistaz gozatzeko aukera emango duen eskaintza ludiko eta kultural zabala eskaintzea dela dio udalak.
Txikienek hamaika jardueraz gozatu ahal izango dute, hala nola mota guztietako tailerrez (sukaldaritza, zirkua, Gabonetako apaingarriak…), filmen proiekzioez, emanaldiez (magia, dantza, antzerkia…), jolasez eta ipuin kontalariez. Haurtxokoen udal sarean, jolas eta dibertitzeko ekintza ugari izango dira. Gainera, bisita bereziak ere jasoko dituzte, Mari Domingirena kasu, Haurtxokoetara joango da eta gutunak emateko aukera izango dute.
Irudiari dagokionez, programaren aurtengo nortasun grafikoa Usandizagako Diseinu Grafikoko Goi Mailako Prestakuntza Zikloaren eta Donostia Gazteriaren arteko lankidetzari esker sortu dute. Diseinu Zikloko 1. mailako ikasleek 15 lan prestatu dituzte. Proposatutako diseinuen artean, programa iragartzeko karteletarako irudi nagusia Unai Oruesagastiren aukeratu dute.