'Maspalomas' euskarazko filma grabatzen ari da Moriarti ekoiztetxea
2025eko Urrezko Danborra jasoko dute urtarrilaren 20an; bitartean, zinemagintzan dihardute.
![Maspalomas](https://irutxulo.hitza.eus/site/files/2024/12/maspalomas.jpg)
Moriarti ekoiztetxeak lanean jarraitzen du, hori delako hilabete barru Donostian jasoko duten aitortza eskertzeko modu bat. Marco filma oraindik zinema aretoetan ikusgai dagoenean, beste pelikula bat grabatzen ari dira. Maspalomas izango da bere izenburua, eta zuzendari lanetan Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga ari dira elkarrekin.
Jose Ramon Soroiz aktorea da protagonista, eta Vicente pertsonaiaren rolean ariko da. 75 urteko gizon homosexuala da bikotekidearekin Kanaria Handiko Maspalomas hirian bizi dena. Uzten dutenean, Vicente adinekoen egoitzan sartuko dute, eta, ondorioz, bere identitatea ezkutatzea erabakiko du. Hau da, “armairuan sartzea” erabakiko du. Nagore Aranburu, Kandido Uranga, Zorion Egileor eta Kepa Errasti aktoreek ere parte hartuko dute filmean.
Filma euskaraz izango da, eta Goenagak idatzi du gidoia: “Konfinamendu psikologikoen (eta fisikoen) eta identitate ezabatuen inguruko hausnarketa egin nahi duen filma da”.
Grabaketa duela bi aste abiatu zuten Euskal Herrian zein Kanariar Uharteetan, eta zortzi aste ingurukoa izango dela jakinarazi du ekoiztetxeak.