Tantaka proiektuak jaso du 2024ko Gizarte Kontseiluaren Saria
Donostiako Gizarte Kontseiluak atzo, hilak 11, egin zuen urteko azken bilera. Hiriarentzat estrategikoak diren hainbat proiekturen aurrerapenak aurkeztu ziren bertan, eta hiritarren egitasmo onenaren Gizarte Kontseiluaren III. Sariko finalistei diplomak banatu zitzaizkien.
Eneko Goia alkateak eman zion hasiera ekitaldiari, eta jarraian, 2024ko lanaren balantzea eta 2025eko helburu estrategikoak aurkeztu zituen Gizarte Kontseiluko presidente Daniel Zulaikak.
Garikoitz Agote Udaleko Gizarte Ekintzako zuzendariak eta Elena Luquin Gurutze Gorriko Gipuzkoako Gizarteratze zuzendariak hartu zuten hitza ondoren, etxerik gabeko pertsonen Lantaldearen emaitzak azaltzeko. Lan prozesu honen baitan, hamar ekintzako dekalogo bat osatu du lantaldeak, eta datozen asteetan alkateari helaraziko diote.
Ondoren, Julio Arrizabalaga mediku eta Biodonostiako zuzendari ohiaren txanda izan zen, herritarrek zientzian parte hartzeko plataformaren aurrerapenak azaltzeko. Izan ere, ekimen honen helburua da herritarrak zientziara hurbiltzea eta osasun ikerketetan aktiboki parte hartzera bultzatzea.
Azkenik, Estrategia Bulegoko zuzendari Kepa Korta igo zen agertokira. Donostiako 2030 Estrategian (E2030DSS) egindako aurrerapenen berri eman zuen, baita Plan Estrategikorako Batzordeak hiria garatzeko bultzatutako proiektu estrategiko nagusien berri ere.
Sari banaketa
Donostian hobetzeko herritarrek modu altruistan garatzen dituzten egitasmoak ikusarazteko eta balioa emateko asmoz, Donostiako Gizarte Kontseiluak herritarren egitasmo onenari ematen dion saria banatu zen. Sari honek aitortza egiten die kolektibo ezberdinei laguntzen dieten, herritarren sareak indartzen dituzten eta hiri inklusiboagoa eta atseginagoa eraikitzen duten proiektuei.
Aurten, Adinekoak, Belaunaldien Erreleboa, Immigrazioa eta donostiar berriak, Klima Aldaketa eta Auzoak alorretan garatzen diren zortzi proiektu aurkeztu dira deialdira. Gizarte Kontseiluko Batzorde Iraunkorreko kideek osatutako epaimahaiak urrian egin zuen bilera irabazlea eta bi finalista aukeratzeko.
Lehenengo saria Tecnun Ingeniaritza Eskolaren Tantaka proiektuak jaso zuen. Epaimahaiaren hitzetan, proiektuak boluntariotza sustatzen du gazteen artean, eta enpatia eta hiritarren konpromiso bezalako balioak helarazten dizkie.
Bigarren finalista Tabakaleraren Harrotu Ileak izan zen. Ekimen honek espazio seguru bat eta sormenerako txoko bat eskaintzen dizkie egoera zaurgarrian dauden gazteei, arte sorkuntza lantzeko aukera emanez.
Hirugarren finalista Caritas Gipuzkoaren Etxealdi proiektua izan zen, egoera zaurgarrian dauden migratzaileei laguntza eskaintzen dien ekimena. Epaimahaiak proiektuaren ikuspegi integrala nabarmendu zuen, profesionalen laguntza eta boluntarioen jarduna uztartzen baititu