Trinitate plaza «jolasteko» dela aldarrikatuko dute
Alde Zaharreko Gazte Asanbladak (AZGA) Kirol Eguna antolatu du ostiralerako (hilak 13) auzoan, espazio publikoaren pribatizazioa salatzeko eta ” auzoko plaza eta kaleak jolasteko direla aldarrikatzeko”. “Behin eta berriz esan digute Plaza Berrian baloiarekin jolastea debekatua dagoela. Hori gutxi ez, eta Trinian (“itxita” zegoelako) futbolean jolasteagatik isunak jaso dituzte hainbat gaztek”, azaldu dute.
Egoerarekin “nekatuta” agertu dira, eta, hori dela eta antolatu dute Kirol Eguna. 18:00etan hasiko dira, auzo agerraldiarekin, Trinia auzoarentzat! lelopean, eta, jarraian, kirol jarduerekin hasiko dira: 18:30ean, pala txapelketa egingo dute eta, 19:30ean, barrene herrikoiak. Atsedenaldia hartuko dute ondoren, Andoni Oilokiegik joko baitu 20:00etan. Eta, amaitzeko, 21:00etan, I. Gaueko Futbito Lehiaketa abiatuko dute. Izen ematea momentuan bertan izango da, euro baten truke.