Txuri Urdinek garaipena dastatu du, azkenean
Kostata bada ere, azkenik, Txuri Urdineko mutilek partida bat irabaztea lortu dute. Logroñon eskuratu zuten larunbatean, Milenio Panthers menderatuta (4-5). Azken sailkatuaren izotz pistan balio berezia duen garaipena eskuratu zuten. Hori bai, sailkapen nagusian seigarren tokian jarraitzen dute, azken aurreko postuan, 9 punturekin.
Futbolean, Realeko neskek Zubieta garrantzitsua dela badakite, etxeko puntuei esker daudelako sailkapenaren goialdean. Larunbatean, Tenerife gainditu zuten Amaiur Sarriegiren eta Nerea Eizagirreren golekin (2-0). Partida bat gutxiagorekin, laugarren postuan daude eta 23 punturekin, eta bi puntu eskasera dago Atletico Madril hirugarren sailkatua. Mutilek, berriz, Las Palmas hartu zuten Anoetan atzo, eta golik gabeko berdinketarekin konformatu behar izan zuten (0-0). Txuri-urdinek aukera ugari izan zituzten markagailuan aurretik jartzeko. Garbiena Mikel Oiartzabal kapitainak izan zuen, baina baloia zutoinera bidali zuen. Puntu bakarrarekin, Europako postuetatik at geratu dira, momentuz.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek galdu egin zuen berriz ere, Gaska kiroldegian. Oraingoan, ezinean aritu ziren Esinoren aurka (46-75). Taldea indartu arren, asmatu ezinda dabiltza ligan, eta lehen itzulia bukatzeko helburua betetzeko geratzen direnak irabazi beharko dituzte. Gipuzkoa Basketek ere galdu egin zuen, baina Zamoraren pistan (84-75). Bi garaipen jarraian kateatzea asko kostatzen ari zaio talde donostiarrari.
EMAITZAK
Izotz hockeya
Gizonezkoen liga, 12. jardunaldia
- Milenio Panthers 4 – Txuri Urdin 5
Futbola
Emakumezkoen liga, 13. jardunaldia
- Reala 2 – Tenerife 0
Gizonezkoen liga, 17. jardunaldia
- Reala 0 – Las Palmas 0
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 12. jardunaldia
- Ibaeta Basket 46 – Ensino 75
Gizonezkoen bigarren mailako liga, 12. jardunaldia
- Zamora 84 – Gipuzkoa Basket 75