Hiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri diote Santi Coca hiltzeagatik akusatutako gizonari
Santi Coca gaztea hiltzeagatik auzipetutako azken gizonari hiru urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zion Gipuzkoako Auzitegiak astelehenean, zuhurtziagabekeria larriko giza hilketa delitu batengatik. Halaber, zigorraren aringarri gisa aplikatu diote alkohola eta drogak hartu izana, eta lesioen delitu arin bat ere ezarri diote, biktimaren anaia zauritu izanagatik. Azaroan epaitu zuten gizon hori eta epaimahaiak erruduntzat jo zuen, baina epaiaren zain zegoen.
Sei gizon auzipetu zituzten Cocaren heriotzarengatik, baina orain zigortu dutenak ihes egin zuen. Hori dela eta, beste bostak epaitu zituzten; lau errugabetu egin zituzten, eta bosgarrenari hiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten. Orain zigortu dutena, aldiz, otsailean atxilotu zuten, Frantziako Estatuan.
Espetxe zigorraz gain, Cocaren gurasoenganako urruntze agindua ezarri diote: ezingo da haiekin harremanetan jarri, ezta haiengandik 300 metro baino gutxiagora egon bost urtean. Bi zigortuen artean, era berean, 165.573 euro ordaindu beharko dizkiete Cocaren senideei.
Fiskaltzak eta Donostiako Udalak, herri akusazio gisa, auzipetuari lau urteko espetxe zigorra ezartzeko eskatu zuten, eta defentsak, berriz, urte batekoa. Hasiera batean, Ministerio Publikoak hamabost urteko espetxe zigorra eskatzen zuen giza hilketa delitu batengatik, Donostiako Udalak hogei urtekoa hilketa delitu batengatik, eta defentsak absoluzio askea.
Gertakaria, 2019an
Epaimahaiaren epaiak frogatutzat eman duenez, gertakariak 2019ko apirilaren 26ko 05:00ak aldera izan ziren, Gu diskotekako larrialdi irteeraren parean. Bertan, “eztabaida bat izan zen pertsona talde baten eta Santi Cocaren artean”.
Testuinguru horretan, Cocak kolpe bat eman zion inputatuari, eta inputatua, aldi berean, adingabea “bortizki jotzen hasi zen” eta “dantzalekuko hormaraino eraman zuen kolpeka”, eta han “lurrera erori zen”, “hainbat inplikaturen” kolpeen ondorioz.
Testuinguru horretan, “Santi Coca lurrean zegoela, auzipetuak kolpe bortitzak eman zizkion gorputzeko hainbat ataletan ostikoz”, besteak beste, buruan.
Hala eta guztiz ere, epaimahaiak aho batez frogatutzat eman du auzipetuak ez zuela hildakoaren “bizitzarako arrisku garrantzitsurik” sortzeko asmorik; izan ere, gertaera “beste borroka baten modukoa” izan zen berarentzat, eta ez zuen “probokazio bati erantzutea beste asmorik, zorigaiztoko amaiera baten aukera kontuan hartu gabe”.
Horregatik guztiagatik, epaimahaiak uste du auzipetuak “ez zuela irudikatu Coca hil zitekeenik”, baina “erraza zen bere ekintzarekin sortu zuen arriskuaz ohartzea, eta beste edozein pertsona konturatuko zen horretaz”.