Kutxa Fundazioak eta Tabakalerak Maider Lopez artistaren erakusketa bikoitza eskainiko dute 2025ean
2025a “ospakizun urte”a izango da Kutxa Fundazioarentzat eta Tabakalerarentzat; izan ere, 25 urte beteko dira Kutxa Fundazioak Kubo erakusketa aretoa inauguratu zuenetik, Kursaalen, eta hamar urte Tabakalera ireki zenetik. Urteurren bikoitz hori ospatzeko, bi erakundeek euren arteko ohiko lankidetza indartu dute, “erakusketa eskaintza handinahia” aurkezteko. Urtean zehar hamabi erakusketa izango dira, Kutxa Fundazioaren Kubo eta Artegunea aretoetan eta Tabakalerako erakusketa-aretoetan.
Ospakizunaren urteko mugarri nagusia bi erakundeek Maider Lopez artista donostiarrari eskainita egingo duten erakusketa bateratua izango da. Erakusketa bikoitza Kutxa Fundazioa Kubo aretoan eta Tabakalerako erakusketa areto nagusian egongo da ikusgai urritik aurrera. Artistak azken hamar urteetan egindako lanaren atzera begirakoa izango da, epealdi horretan sortutako obrak bilduko ditu, baita Tabakaleran erakutsiko diren ekoizpen propio batzuk ere.
Tabakaleraren hamargarren urteurrena sorkuntza artistikorako zentro gisa
Hamargarren urteurrena aitzakia hartuta, Tabakalerak bere ibilbidean garatu dituen lan ildo nagusietan oinarrituta osatu duen erakusketa programa eskainiko du: arte garaikidea (tokikoa zein nazioartekoa), artearen eta zinemaren arteko elkarguneak, eta artea, zientzia, teknologia eta gizartea.
Gainera, komisariotza egonaldien deialdietatik sortutako proposamenekin lotutako lan-ildoari jarraipena emango dio Tabakalerak. Helburua tokiko arte eszena sustatzea da, komisarioei eta artistei lagunduz, zentroaren urteko erakusketa programan jasotako erakusketen bidez.
Azkenik, aipatzekoa da 2. erakusketa aretoak, bosgarren urtez jarraian, Situ-akzioak programaren edizio berri bat hartuko duela. Tabakaleraren proiektu arrakastatsua da, familiei zuzendua, eta jostatzeko, zentzumenak aktibatzeko, ikasteko eta artearen bidez esperimentatzeko espazioak eratzen ditu.
Bi erakusketa areto, bi urteurren
Kutxa Fundazioa Kubo aretoaren 25. urteurrenean, Kutxa Fundazioak aretoaren historian funtsezkoak izan diren zenbait lan-ildo narbarmentzearen aldeko apustua egin du: Gipuzkoako sorkuntzari laguntza eta emakume artisten lanaren errebindikazioa. Horretarako, 2025eko programazioa hiru emakumeri eskainiko zaie: Maria Paz Jimenez, Maria Cueto eta Maider Lopez.
Kutxa Fundazioa Artegunea aretoak irudiaren eta argazkigintzaren aldeko apustua sendotuko du bi sortzaile handiren erakusketen bitartez: Joan Fontcuberta eta Tina Barney. Gainera, urtea egungo Gipuzkoaren erretratuak atera eta gogoeta egiteko lau argazkilariri egindako enkarguaren emaitza erakutsiko duen proposamenarekin itxiko du.
Kutxa Fundazioak eta Tabakalerak elkarlanean antolatutako erakusketa
Maider López. ‘Ukitu’
Urriak 24ean hasi eta otsailak 7 bitarte ikusi ahal izango da Maider Lopez (Donostia, 1975) artistaren atzera begirako berezi hau. Lopezen Ukitu erakusketaren abiapuntua da artistak azken hamarkadan zehar garatu duen praktika. Azken hamar urteotan nazioartean egin dituen proiektu ugari biltzen ditu eta, halaber, testuingurua eman eta harreman berriak sortuko dituzten aurreko beste lanetako zenbait ere berreskuratu ditu. Erakusketa bi egoitza ezberdinetan aurkeztuko da, aldi berean: Kutxa Fundazioa Kubo aretoan eta Tabakaleran. Horrek, lankidetza-modu berri bat hasiko du bi erakundeen artean. Gaurdaino artistari eskaini zaion banakako erakusketatik handiena izango da eta gure testuinguruan oraindik ezezagunak diren lan asko aurkeztuko ditu bertan.