2025ko udal aurrekontua onartu du Donostiako Udalbatzak
EAJren eta PSE-EEren udal gobernuak datorren urteko udal aurrekontuak onartu ditu, oposizioaren osoko zuzenketak baztertuta.
Donostiako Udalak 517 milioi euroko aurrekontua izango du datorren urtean; %6,76 gehiago. Donostiako Udalbatzak gaur onartu du abenduko osoko bilkuran, EAJren eta PSE-EEren botoekin. Era berean, EH Bilduk, Elkarrekin Donostiak eta PPk aurkezturiko osoko zuzenketak baztertu dituzte.
“Gure helburu nagusia da donostiar guztion ongizatea eta bizi kalitatea hobetzen lagunduko duen aurrekontua izatea. Aurrekontuak garrantzi handia eman dio hirian eta auzo guztietan inbertsioak egiteari”, adierazi du Kerman Orbegozo Ekonomia zinegotziak. Aurrekontuak babestu ditu Ane Oiarbide zinegotzi sozialistak, gobernu programa oinarritzat hartuta prestatu dituztelako.
Oposizioko hiru alderdiak, berriz, kritiko agertu dira udal gobernuak onarturiko aurrekontuekin. Juan Karlos Izagirre EH Bilduko bozeramailearen iritziz, “ez dira fidagarriak” eta ez diete “hiriaren beharrei erantzuten”. Victor Lasa Elkarrekin Donostiaren bozeramaileak, berriz, gaineratu du aurrekontu hauek ez dutela balio “hiriaren arazo handiei aurre egiteko”. Azkenik, Borja Corominas PPko zinegotziak adierazi du Donostia dela “estatuan presio fiskal altuena duen” hiria.